Hizkuntzen eta herrien arteko harremanak
Ameriketako zenbait herri indigenaren ordezkariekin bildu zen EIZIEren ordezkaritza bat, 2008ko urriaren 31n, Garabide Kultur Elkarteak antolatutako programa baten barruan. Gure elkartearen sorreraz ez ezik, euskal itzulpengintzaren garrantziaz eta garapenaz ere mintzatu zen haiekin EIZIEko kide Beatriz Zabalondo.
Garabide Kultur Elkarteak bigarren antolatu duen Hizkuntzen eta Herrien arteko Truke programak Euskal Herrian hartu ditu ordezkariok, 2008ko urriaren 13tik azaroaren 7a arte. Programa horren helburua da euskara eta euskal kulturaren garapenaren esperientziak erakustea garapen bidean diren herrietako hizkuntza komunitate minorizatuen ordezkariei.
Bisitariotako batzuk itzultzaileak dira eta hizkuntza gutxitu gisa dituzten gabezia eta kezkak partekatu zituzten Zabalondorekin, eta, aurrera begira, euskal itzultzaileen lankidetzaren aukeraz galdegin zuten.