2tzuL Itzultzaileen Irizpen Biltegia
ItzuL posta zerrendak, hamar urte betetzear dituela, senide jaio berria du, 2tzuL bloga. EIZIEren web guneko atal bat da, moderatua. Patxi Petrirena du moderatzaile eta arduradun. Aspaldi zuen EIZIEk asmoa ItzuLen galdetu edo eztabaidatzen diren zenbait gairi heldu, horiek sakonago aztertu eta ondorioen berri emango duen blog bat sortzekoa. ItzulBaita -ri eskaturik bloga abiarazteko, hemen dugu, azkenean, Itzultzaileen Irizpen Biltegia, denon eskura eta denon ekarpenen zain. Horixe izan nahi baitu 2tzuLek, ItzuLetik berreskuratzea merezi duten gaien bilduma lantzeko bidea. Nolanahi ere, funtzionamenduari dagokiona blogean bertan irakur daiteke, eskuineko zutabean agertzen diren ataletan: atarikoa, argibideak, jarraibideak.
ItzuLek mezu asko eta askotarikoak jaso ditu 1998an jaio zenez geroztik. Mezu batzuen kontuak, galderak, eztabaidak, egun batean bideratu dira: galdetu, erantzun eta kito. Beste batzuek, ordea, denbora gehiago eta azterketa sakonagoa eskatu dute, hari luze eta esanguratsuagoak ekarri dituzte. Eta hariei tiraka-tiraka, gaia janzteko adina eta adinakoak ere lortu dira askotan.
2tzuLen estreinako/estreinaldirako gaia
Senide jaio berri honi soineko itxurazkoa egin nahi eta, zer hoberik KOLORE dotore batez eginikoa baino? Nolakoa egin, ordea? Kolore berdekoa, berde kolorekoa ala sagar-berde kolorekoa? Beharbada, udazkenekoa dugula eta, iratze onduaren kolorekoa?
Ziur gaude oso lagungarri izango dugula, soineko dotore hori egiteko, Patxi Petrirenak prestatu duen KOLOREAK izeneko txostena.
Ongi etorri, 2tzuL, urte askotarako!