Euskal Liburuaren Gaua 2008
Euskarazko liburuaren aldeko ekimen bat mamitze aldera, Euskal Liburuaren Gaua izeneko ekimena gauzatuko da lehenengo aldiz aste honetan bertan. Ekitaldia Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan izango da, azaroaren 13an, 20:00etan. Ekimen honen xedea euskarazko liburuaren beraz, euskaraz sortu, ekoiztu eta irakurtzearen aldeko ekimen bat gauzatzea izango da. Eta bertan, lehenengo aldiz dabilen elea saria emango da.
Elkarlanean antolatu dute Euskal Liburuaren Gaua lau elkartek: Euskal Editoreen elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak, EIZIEk eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak. Aurten lehenengo aldiz egingo den ospakizun honek euskarazko liburuaren aldeko urteroko zita izan nahiko luke, eta bertan euskarazko liburugintzak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusarazi nahi dugu lau elkarteon artean, festa giroan.
Liburu bakoitzaren atzean dagoen lan andana eta lan hori burutzen duten profesional guztiak agerrarazi nahi ditu jai honek. Besteak beste, idazle, ilustratzaile, itzultzaile, kontalari, bitartekari, editore, edota inprimatzaileak bilduko dira jai honetan, liburugintzaren sektoreko ordezkari gisa.
Ekitaldia
Euskal Liburuaren Gaua bideo-emanaldi bitxi batekin hasiko da. Ondoren, liburuarekin lotutako ikuskizun batez gozatu ahal izango dute bertaratutakoek, Ramon Agirre aktorearen eskutik.
Horrez gain, lehen aldikoz, eta urtero errepikatzeko asmoz, dabilen elea 2008 saria emango da, euskal liburugintzaren alorrean ibilbide oparo jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa. Amaieran koktela ere izango da bertaratzen diren guztientzat.