Josu Zabaletak irabazi du Itzulpengintzako Euskadi Saria
Josu Zabaleta (Legazpi, 1948) EIZIEkidea saritu dute Gesualdo Bufalino italiar idazlearen Gaueko gezurrak (Alberdania-Elkar, 2007, Le menzogne della notte ) eleberria euskarara itzultzeagatik.
Ez du lehenengo aldiz irabazten Itzulpengintzako Euskadi Saria Josu Zabaletak: 2001ean Guy de Maupassant frantses idazlearen Fantasiazko ipuinak (Contes fantastiques) ipuin liburuaren itzulpenagatik ere eskuratu zuen.
Filosofia ikasketak eginik Lovainan eta Erroman, Josu Zabaletaren jarduna gaztetandik egon da itzulpengintzari eta literaturari atxikia.
Hordago argitaletxearen sortzaileetako bat izan zen, 1977an. Geroztik, 1980-1991 bitartean Martuteneko Itzultzaile Eskolako irakasle izan zen. EIZIEren eta Senez aldizkariaren sortzaileetako bat da. Itzultzaileen Nazioarteko Federazioko (FIT) Kontseilu Nagusiko kide izan da.
Lur Hiztegi Entziklopedikoa zuzendu zuen, 1991-2000 bitartean.
Gaur egun, Rosetta Testu Zerbitzuak enpresan ari da lanean.
Bere itzulpenen artean, nabarmendu beharrekoak dira Alphonse Daudet frantses idazlearen Taraskoneko Tartarin (Lur, 1981); Leonardo Sciascia italiarraren Itsaso ardo kolorea (Erein, 1991); eta Pier Paolo Pasolini italiarraren Gauza baten ametsa (Alberdania, 1998).
EIZIEren Literatura Unibertsala Bilduman itzulpen hauek ditu argitaratuak, orain saritu dioten Gesualdo Bufalino-ren Gaueko gezurrak liburuaz gain:
- Guy de Maupassant-en Fantasiazko ipuinak (2000)
- Antoine Saint-Exupéry-ren Gerrako pilotu (Pilote de guerre, 2003)
- Luigi Pirandello-ren Sei pertsonaia autore bila (Sei personaggi in cerca d'autore, 2003)
- Pio Barojaren Jakintzaren arbola (El árbol de la ciencia, 2006)
Une honetan, Machado de Assis brasildar idazlearen Dom Casmurro eleberriaren itzulpen lanetan ari da Josu Zabaleta.