Euskal literatura alemanez
Petra Elser-ek beka bat eskuratu du Aingeru Epaltza nafar idazlearen eleberri bat alemanera itzultzeko. Diru laguntza batez gain, itzulpena egiteko tutore bat izanen du, eta Alemaniako itzultzaile etxe batean lantzeko aukera.
Petra Elser-ek Johann-Joachim-Christoph Bode beka lortu du Aingeru Epaltzak idatzitako Rock'n'Roll eleberria alemanera itzultzeko.
Itzulpenak sustatzen dituen Deutscher Übersetzerfonds erakundeak esleitzen du beka, Kulturstiftung des Bundesen babesari esker (kultura sustatzeko erakunde alemana). Diru laguntza bat jasotzeaz gain itzultzaile-tutore baten laguntza jasoko du itzulpen lana egiteko. Tutorea Sigrid Vagt izango da, frantsesetik eta italieratik alemanera hainbat literatur lan eta film itzuli dituen itzultzailea. Paul Celan saria jaso zuen 2003. urtean. Horrela, Petra Elserrek azken urteetan Euskalemaren barne eta beste ekimenen bidez euskaratik alemanera zuzenean itzultzeko eta oro har euskal-aleman harremanak bultzatzeko egin dituen ahaleginek jarraipena izango dute.
Bekari esker esku artean duen itzulpena Straelengo Itzultzaile Etxean lantzeko aukera izango du bere tutorearekin batera. Europako itzultzaile etxe zaharrena da hau (1980an sortua), eta 100.000 aletik gorako liburutegia du. Petra Elser dagoeneko egon da Alemaniako itzultzaile etxean, aurtengo martxoan «Distantzia kritikoa: nola zuzen dezaket neure burua?» zazpi egun iraun zuen ikastaroan hartu zuen parte. Itzultzaile etxe horrek urtero 750 itzultzaile eta zuzentzaile inguru jasotzen ditu antolatzen dituen ekimenetan. Interes berezia dute alemanaren eta hedadura txikiko hizkuntzen arteko harremana indartzeko, eta beraz, euskarak ere presentzia handiago izan dezake etorkizunean lehen kontaktu honen ostean.