Euskarazko itzultzaile automatikoa
Duela bi bat hilabete Eusko Jaurlaritzak iragarri zuenez, Alemaniako Lucy Software etxea, Euskadiko Emergiatech enpresa, UZEI zentroa eta Gizartebitek erakundea, partzuergoan, gaztelaniatik euskarara online itzuliko duen aplikazio automatiko bat garatzen ahaleginduko dira datozen hamabost hilabeteotan. Testu orokorrak, espezialitatekoak ez direnak, euskaratu beharko dituen tresna garatzeko lehiaketa publikoa deitu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta horko horiek izan dira irabazleak.
Guztira, 395.000 euro izango dituzte proiektua garatu, lanabesa abian jarri eta hasierako mantentze lanak egiteko. Itzulpegintzaren alorrean, Jaurlaritzak iaz 103.000 euro izendatu zituen Literatura Unibertsala bildumarako.
Honako hau ez da Jaurlaritzak bultzaturiko lehen saioa, baina aurrekoek ez dituzte espero izatekoak ziren emaitzak eman. Horra zergatik zaindu duen areago Jaurlaritzak enpresa aukeratzeko prozesua, aholkulariak izendatu baitzituen tresnak kontuan izan behar zituen edukien gaineko iritzi emateko. Azken erabakia, dena dela, erakundeak berak hartu zuen.
Garatu beharreko tresnaren bitartez, Jaurlaritzak lortu gura ei du dagoeneko Xuntak eta Generalitatek sarean dauzkaten Tradutor automático eta Traductor automátic zerbitzuen pareko tresna bat.
Oraingoz sistemak ez du zertan alderantzizko itzulpenik eginik, ezta beste hizkuntz bikote batzuekin jardunik ere, horrelakoak ez daudelako sartuta esleitu diren lehiaketan eta diru kopuruan.