Europako kultura: mamirik gabeko azala? Europar Batasunak bertan behera utzi ditu literatura-itzultzaileak
Europar Batasunak -zeinak mila milioi euroko aurrekontua baitu barne itzulpenetarako-, itzultzaile-etxeei ematen zien diru-laguntza bertan behera uztea erabaki du. Itzultzaile-etxe horiei esker, itzultzaileek aukera dute itzulgai duten idazlearen jatorrizko herrialdean aldi bat igarotzeko, idazle horren jatorrizko hizkuntzaz eta kulturaz duten ezagutza sakontzeko, etengabeko prestakuntza-proiektuetan parte hartzeko edo, besterik gabe, euren lanean murgiltzeko bestelako kezkak alde batera utzita, eskakizun-maila handikoa baita literatura-itzultzaileen jarduna. Ekar dezagun gogora Europar Batasunak urtean 400 milioi euro baino gehiago dituela kulturaren sustapenean erabiltzeko, Kultura 2007-2013 izeneko programaren bidez, eta diru hori zine-produkzioen moduko kultura-proiektu handietan erabiltzen duela gehienbat.
Literatura-itzultzaile Elkarteen Europako Kontseilua (CEATL) erabaki horren aurka dago erabat, Europaren funtsezko ideiarekin kontraesan betean baitago. Europa eleanitza eta kultura-anitza da izatez, eta literatura-itzultzaileen lana elkarren arteko ulermen ororen oinarrian dago, ez soilik literaturari dagokionez, baita filosofiari, zientziari, arte ederrei, zinemari eta antzerkiari dagokienez ere.
Europar Batasun horrek berak izendatu du 2008a kultura arteko elkarrizketaren urte , eta Europar Batasun horrek berak eskainiko dio sinposio handi bat literatura-itzulpenari, 2009aren hasieran, elkarrizketa horren adierazpide guztiz garrantzitsua den aldetik. Literatura-itzultzaileen nazioarteko etxeak gaur egungo Toledoko Eskolak dira. Elmar Tophoven-ek, Samuel Becketten itzultzailerik onenetarikoa izan zenak, abiarazi zituen duela hogeita hamar urte. CEATLek nabarmendu nahi du itzultzaile-etxe horietan gauzatzen dela, beste inon baino gehiago, kultura arteko elkarrizketa hori, eta Europako kulturaren bektorerik behinenak diren aldetik, Europar Batasunaren laguntza, baldintzarik gabekoa eta estrukturala, merezi dutela. Bestela, Europako kulturaren eta kultura arteko elkarrizketaren ideiak berak mamirik gabeko azal hutsak dira.