Axun Aierbe, in memoriam
Garuneko odol isuri batez hil da Axun Aierbe EIZIEko kidea, Donostiako ospitaleko sendagileek adierazi dutenez.
Axun Aierbe Mendizabal 1968ko apirilaren 28an sortu zen Altzon (Gipuzkoa). Lehen ikasketak Tolosan eginik, Euskal Filologia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Baita ere, Hizkuntza Plangintzarako diploma eskuratu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Doktoretza tesia egiten ari zen, administrazioko euskarari buruz, Miren Azkarateren zuzendaritzapean.
Bere lan ibilbidea Ibarrako Udaletxean hasi zuen 1987an, itzultzaile eta liburuzain laguntzaile gisa lehenbizi, itzultzaile eta euskara teknikari gisa geroago. Langintza horietan aritu zen 2002ra arte.
Geroztik, EHUko irakasle izan da, Gasteizko Filologia eta Itzulpengintza Fakultatean, Hizkuntzalaritza eta Euskal ikasketak Sailean. Oraintxe, Fakultateko dekanordea zen.
Itzulpenaren esparruan Felix Ugarte Itzulpen lehiaketa hiru bider irabazi zuen:
- 2001ean, M. Teresa Cabré-ren Terminologie ou terminologies? Spécialité linguistique ou domaine interdisciplinaire ? lana euskaratuta.
- 2002an, Juan Carlos Sagerren Terminologia y traducción artikulua euskaratuta.
- 2003an, Laura Santamariaren La traducció jurídica, paraula de traductor? lana euskaratuta.
2006az geroztik EIZIEren bazkide izan da, eta elkartearen barne bizitzan partaide bete-betekoa izateko astirik ez zuen arren, urteko batzarra ez zuen galdu nahi izaten. Joan den martxoaren 1ean Zornotzako Oruen (Bizkaia) egindako batzarraren atarian hartua da lerro hauekin batera doan argazkia.