EIZIEren zuzendaritza berriturik
EIZIEren batzar nagusiak 2008ko ekintza plana onartzearekin batera, elkartearen zuzendaritza berritzea erabaki zuen. Oskar Arana izango da lehendakari, eta Itziar Otegi lehendakariorde.
Zornotzako Oruen (Bizkaia) bildutako bazkideek xehetasun handiz aztertu zituzten EIZIEren lan programa eta diru kontu guztiak, bai 2007ko ekitaldiaren bilana egiteko, bai 2008ko proiektuak onesteko.
Besteak beste, zinpeko itzultzaile eta interprete titulazioari buruzkoak eztabaidatu ziren, euskal itzulpengintza sektorearen azterketa soziologikoa aurkeztu zen, eta ItzulBaita proiektua sendotzeko ildo nagusiak finkatu ziren.
Azkenik, zuzendaritza karguak berritzeko erabakia eman zuen batzar nagusiak, azken urte honetan lehendakaritzaren ardura izan duen Beatriz Zabalondok kargua utzi beharra zuela azaldu baitzuen. Batzarrak txalo zaparrada batez eskertu zion Zabalondori egindako lana. Datorren urteko batzarra bitarte, Oskar Arana eta Itziar Otegi (argazkian) izango dira EIZIEren lehendakari eta lehendakariorde.
Oskar Arana literatur itzultzaile trebatua da. Besteak beste, Paul Auster-en The Brooklyn Follies (Brooklingo erokeriak) eta Travels in the Scriptorium (Bidaiak scriptoriumean zehar), eta John Maxwell Coetzee-ren Disgrace (Lotsaizuna) euskaratuak ditu. Egun, Eusko Jaurlaritzaren Itzulpen Zerbitzu Ofizialean lan egiten du.
Itziar Otegik ere literatur itzulpengintzan urrats sendoak eginak ditu. Besteak beste, Jules Renard-en Poil de carotte (Axenario) argitaratua du Literatura Unibertsalaren Bilduman, eta orain Flannery O'Connor-en A good man is hard to find euskaratzeko lanetan ari da.