Haur literatura itzultzaileen munduko helbidetegia sortu dute
Bolognako Haur Liburuen Azokak eta UNESCOk garatu dute, eta aurtengo azokaren lehen egunean egingo dute estreinaldi ofiziala.
Sortzaileen esanetan, nazioarteko kultura-trukeak gero eta azkarragoak dira eta argitalpen-industria gero eta hedatuagoa dago. Hala, itzulpen beharrak nabarmen egin du gora azken urteotan. Bide horretan laguntzeko eta argitaratzaileen eta itzultzaileen arteko zubi-lana errazteko sortu dute Haur Literatura Itzultzaileen Munduko Helbidetegia. Haur literaturaren nazioarteko argitalpen-industrian lanean diharduten itzultzaileen zerrenda osatua eta eguneratua bildu nahi dute bertan.
Bolognako Azoka martxoaren 31tik apirilaren 3ra bitartean izango da aurten, eta lehen egunean egingo dute datu-basearen aurkezpen ofiziala. Egun horretatik aurrera, datu-basea kontsultatzeko moduan izango da, azokaren web gunean. Besteak beste, honako datu hauen bidez arakatu ahal izango da datu-basea, bilaketak egiteko: jatorri- eta xede-hizkuntzak, itzultzailearen ama-hizkuntza eta herrialdea, edo literatur generoa.
Duela hilabete batzuk antolatzaileek egindako deialdiak harrera ona izan omen du itzultzaileen artean, eta dagoeneko bilduak omen dituzte hainbat herrialdetako profesionalen datuak. Haatik, alor horretan bi itzulpenetik gora argitaratuak dituztenek haur literatura itzultzaileen munduko helbidetegian izena eman dezakete.
Bestalde, aurreko urteetan legez, Biblit italiar literatur itzultzaileen taldeak Itzultzaileen Zentroa gidatuko du azokaren baitan, zeina itzultzaileen elkargune bihurtzen baita azokak irauten duen egunetan. Hemen eskura dezakezu Itzultzaile Zentroaren jarduera-programa.