Felix Ugarte XVI. itzulpen-lehiaketa
Unibertsitatean ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzendutako itzulpen lehiaketa antolatu da aurten ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko Errektoreordetzaren Kultur Hedakuntzak sustaturik.
Klasiko bihurtu den itzulpen lehiaketa baten aurrean gaude, izan ere aurtengo edizioa hamaseigarrena da, eta, beraz, han-hemen antolatzen diren lehiaketetan zaharrenetarikoa izango da, zaharrena ez bada.
Gogoratu behar da lehiaketa hau EHUko Filologia, Geografia eta Historia Fakultateko irakasle eta ikerlaria izan zen Felix Ugarteren omenez antolatzen dela.
Ikasleek epaimahaiak aukeratutako testua euskaratu behar dute. Azken edizioetarako erabili diren testuek itzulpengintzako nahiz literaturako gaiak jorratzen zituzten. Aurten, berriz, albait ikaslerik gehienak esku hartzera bultzatzearren, soziolinguistikako gai bat aukeratu dute: ingelesa Europako lingua franca gisa erabiltzeak pizten dituen kezkak eta sortzen dituen arazoak.
Egiaz ere, ingelesa nazioarteko lingua franca izateak Europako herrialdeen arteko harremanetan duen eragina berebizikoa da. Egileek aipatzen dituzten gaien artean daude, besteak beste, hizkuntz inperialismoa eta hizkuntzen arteko harremanek ingelesaren barruan sortzen dituzten aldaketak. Ondorioetan egileek nabarmentzen dute Europa barruan ingelesera eta ingelesetik ez ezik gainerako hizkuntzetara eta hizkuntzetatik ere, eta bereziki hizkuntza gutxituetara, itzultzeko dagoen beharra
Lana itzuli eta saria irabazten duenak 800 euro eskuratuko ditu. Sari nagusiaz gain, 300 bana euroko beste bi sari ere banatu ahalko dira.
Felix Ugarte itzulpen lehiaketa arautzen duten oinarriak eta jatorrizko testua eskuragarri dira. Azkenik, parte hartu nahi duten guztiei gogorarazi behar zaie epea 2008ko apirilaren 25ean amaituko dela.