Patxi Zubizarretak, Lola Erkiziak eta Inazio Mujikak irabazi dute Gasteiz itzulpen saria
Abenduaren 3an banatu ziren Gasteizko Udaletxean «Vitoria-Gasteiz» sariak, haur eta gazte literaturan 2006. urtean euskarara egindako itzulpen onenei. Haur literaturan, Lola Erkizia eta Inazio Mujika izan dira sarituak, Was ist das für ein Lärm? liburuaren itzulpenagatik, eta gazte literaturan Patxi Zubizarreta , Monsieur Ibrahim et les fleurs du Coran liburuaren itzulpenagatik.
Haur literatura kategoriako lehen saria, 9.000 euroz hornitua, Lola Erkizia eta Inazio Mujikak jaso dute, Moritz Petz alemaniar idazlearen Was ist das für ein Lärm? liburuaren itzulpenagatik (Zer da zalaparta hau?). Gazteen kategorian, saria (baita ere 9.000 eurokoa) Patxi Zubizarretak jaso du, Eric-Emmanuel Schmitt frantziar idazlearen Monsieur Ibrahim et les fleurs du Coran (Ibrahim jauna eta Koranaren loreak) liburuaren itzulpenagatik. Gasteizko Udalak laugarren aldiz antolatu du haur eta gazte literaturan euskarara egindako itzulpenen Vitoria-Gasteiz saria. Orotara, hamalau itzulpen-lan aurkeztu dituzte aurten; hamar haurren mailan eta beste lau gazte mailan.
Sarien banaketa abenduaren 3an, euskararen egunean, eguerdiko ordu batean izan zen, Gasteizko Udaletxean, Maite Berrocal Kultura zinegotzia ekitaldiaren buru zela.