Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria
Nafarroako Kutxa Fundazioak Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria obraren edizio facsimilea argitara eman du, Itun Berriaz Joannes Leizarragak 1571n idatzitako itzulpena, hain zuzen.
Argitalpena egin da Nafarroako Kutxak 1995ean Londreseko Christie's etxean enkante bidez 200.000 euro inguru ordainduta erosi zuen alearen oinarrian. Nafarroako erregina Joana III. Albretekoaren aginduz inprentaratu zen princeps ediziotik gelditzen den ale bakanetako bat da hori.
Edizioa laguntzeko, liburu bat prestatu dute Xabier Kintana, Henrike Knörr eta Txomin Peillen euskaltzainek, frantsesez, euskaraz eta gazteleraz, Joannes Leizarraga bizitzaz eta lanaz.
Laster, Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria obraren edizio arrunteko mila ale kaleratuko dira.
Joannes Leizarraga (Beskoitze, Lapurdi, 1506 - 1601) euskal apaiz eta idazlea izan zen, Itun Berria euskaratu zuen lehena. Higanot bihurtu aurretik, seguru aski apaiz katolikoa izan zen. Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginak, kalbinismora konbertitu zelarik, bere gortean erreformaren aldeko pentsalariei babesa eman zien eta protestantismoa erresumako lurraldeetan barna hedatu nahi izan zuen. Ideia erreformazaleen arabera, testu sakratuak herri xehearen hizkuntzan jarri behar ziren. Hala bada, erreginak euskarazko eta gaskoierazko itzulpenak egiteko bitarteakoak eta dirulaguntzak eman zituen eta Biarnoko protestanteen sinodoak (batzarreak) Leizarraga izendatu zuen 1564ean, euskarazko itzulpena egin zezan. Leizarragak lana beste lau laguntzailerekin batera egin zuela dirudi, bera taldearen zuzendari izanik. 1567an Bastidako artzain bezala azaltzen da.
Edizioak hiru liburuki zituean:
- Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria
- Kalendrera, eta
- ABC edo Kristinoen instrukzionea.
Hiruak Frantziako Arroxelan argitaratu ziren 1571n.
Itzultzailearen meritua da, gehienbat, krtikoek Leizarragaren lanean azpimarratzen dutena. Ezagutzen ditugun bere garaiko idazle bakarrak Bernart Etxepare eta Joan Perez Lazarragakoa dira. Beraz, ia eredurik gabe jardun beharrak egiten du handi haren itzulpen-lan erraldoia. Erabili zuen eredua berak asmatu zuen. Menpeko proposizoak erabili beharrak, hizkuntza erromanikoen erako prosara eraman zuen. Latinaren eragina duten egitura sintaktikoak dira horren lekuko. Dena den, esaldietan, perpaus luze eta laburren arteko jokoan eta orekan ere maisu da.
Hizkuntza jasoaren alde eta itzulpen ahalik eta zorrotzena egin nahian, latinetik hartutako hitz asko darabiltza, euskarazko ordainak baztertuz. Zahar-kutsua dario Leizarragaren euskarari. Hitzetan berritzaile, baina soinuetan eta morfologian arkaiko.