Auzitegietako interpreteak greban
Hego Kaliforniako (Estatu Batuak) auzitegietako interpreteek grebara jo dute lansari hobeak eta auzitegietako gainerako langileen ordainsari eskala beraren barne izatea eskatzeko.
Auzitegi Nagusian lanean ari diren 400 bat interprete greban hasi dira Los Angelesen, Santa Barbaran eta San Luis Obispon, beste esparruetan ari diren interpreteen aldean huskeria ordaintzen dietela argudiatuz. Kaliforniako Interpreteen Elkarteko (CFI) ordezkariek adierazi dutenez, grebara jo beste biderik ez dute izan, interpreteen lan egoera eta ordainsaria hobetzeko hilabete luzetan egindako negoziaketak huts egin duenean.
CFIren arabera, beste edozein esparrutan diren interpreteen aldean herena edo, gehienez, erdia jasotzen dutela greban diren interpreteek, eta «auzitegiko beste langileek edo auzitegi federaleko interpreteek baino askoz gutxiago. Horrela, atzeratutako lana pilatu egiten da eta horrek kaltea sortzen die auzitegietako interpreteen zerbitzuen behar larria duten immigrante komunitateei».
CFIk azaldu duenez, lansari igoerak ez luke eragin gaiztorik izango auzitegiko diru kontuetan, Estatuak behar adinako diru kopuruak hornitu baititu horretarako.
Argibide gehiago Kaliforniako Interpreteen Elkartearen webgunean.