Juan Mari Mendizabalen «Bidaia Munduaren amaierara» itzulpena, 2008ko IBBYren ohorezko zerrendan
Henning Mankell suediar idazlearen Resan till världens ände liburua, Juan Mari Mendizabal EIZIEko kideak euskarara ekarria ( Bidaia Munduaren amaierara ), ageri da International Board in Books for Young People (IBBY) erakundeak egiten duen ohorezko zerrendan.
IBBYren ohorezko zerrenda bi urtez behin egiten da, haur eta gazte literaturaren esparruan, argitaratu berri diren liburuen idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen lana munduan zehar zabaltzeko xedez. Zerrendak oihartzun handia izaten du mundu zabalean, eta haur literatura ezagutarazteko biderik indartsuenetakotzat dauka IBBYk.
Juan Mari Mendizabalen itzulpenarekin batera, Patxi Zubizarretaren Urrezko giltza liburua ere ageri da ohorezko zerrendan. Bi liburuok Erein argitaletxeak argitaratuak dira.
Galtzagorri Elkarteak proposatu zituen bi liburuok IBBYren ohorezko zerrendan agertzeko.