Itzultzaile bat kaleratu dute Sarkozyren hitzak txantxaz itzultzeagatik
France 2 telebista kateak Estatu Batuetan ematen dituen albistegietako amerikar itzultzaile bat kaleratu dute Nicolas Sarkozyren hitzaldi baten azpitituluetan txantxetako itzulpen bat egiteagatik.
Estatu Batuetan France 2 katearen albistegiak frantsesez ematen dira, baina ingelesezko azpitituluez horniturik.
Joan den apirilaren 23an, Frantziako presidentetzarako hauteskundeei buruzko albiste batean, UMP-ko hautagai den Nicolas Sarkozyren hitzaldi bat erakutsi zuten, non frantsesei batasunerako deia egiten baitzien («s'unir à moi»). Itzultzaileak irudipen apur bat jarri nahi izan zion esaldiari, eta ingelesezko azpitituluetan «rally my inflated ego» ipini zuen. UMPko hautetsi eta ordezkariek berehala egin zuten esaldiaren aurka, gaitzespen gogor bat aurkeztuta France Télévision-eko itzulpen zerbitzuei.
Claire Quidet, France Télévision-eko itzultzaile lantaldearen arduradunak adierazi du «akats hori barkaezina izanagatik ere, okerra litzateke uste izatea azpititulu hori Sarkozyren aurkakoa zela. Lagunarteko txantxa bat besterik ez da, itzultzaile akitu batek egina, eta berdin-berdin gerta zitekeen arratsalde hartan itzultzaileak itzuli beharreko beste edozein pertsonajetan, politiko izan al ez».
France 2ko zuzendaritzak, aldiz, ez du batere begiko izan lagunarteko txantxa hori. «Azpititulugile horiek txantxetan aritzen dira elkarrekin, itzulpen ohiz kanpokoak eginez. Arazo informatikoren bat izan zen, ohi baino itzultzaile gutxiago zegoen egun hartan, eta esaldia pantailara agertu da», azaldu du Philippe Baudillon, telebista katearen zuzendari nagusiak; haren aburuz, gertakaria «onartezina» da eta itzultzaile txantxazaleak ez du jarraituko France 2rentzat lan egiten.