Itzulpengintza eta lokalizazio teknologien master ofiziala
Datorren ikasturtean (2007-2008), Itzulpengintza eta lokalizazio master ofiziala (TECNOLOC) ematen hasiko dira Jaume I. Unibertsitatean . Master hori azken bi urteetan zehar Amparo Alcina irakasleak zuzendu duen ikastaro baten egokitzapena da, eta Valentziako Generalitatearen onespena jaso du.
Jakintzaren gizarte esaten zaion honetan, itzultze lana egiteko ordenagailua eta ordenagailuz lagundutako itzulpen tresnak erabiltzen dira, sarrien. Gaur egun, ondo jakin behar da itzulpen teknologiak nola erabili, bai itzulpengintza espezializatu guztietan bai terminologia lanean.
Master horren helburu nagusia da ikasleek gaitasuna eskuratu dezatela euren funtzioak itzulpen eta lokalizazio enpresetan, nazioarteko erakundeetan edo enpresen hizkuntza zerbitzuetan garatu ahal izateko, edo euren kabuz enpresak sortu ahal izateko.
Master hori Itzulpengintza eta Interpretaritzako lizentzia eskuratu berri duten ikasleentzat, itzultzaile profesionalentzat edo Itzulpengintza irakasleentzat da.
Alde batetik, honako ikasgai hauek ematen dituzte: terminologiaren eta corpusen kudeaketa, ordenagailuz lagundutako itzulpena, itzulpen memoriak eta itzulpen proiektuen kudeaketa. Beste alde batetik, hautazko ikasgaiak daude: web orriak sortzea, bideojokoak lokalizatzea edo itzulpen automatikoa.
Irakasleak entzute handiko adituak dira, itzulpen enpresetatik datozenak edo euren kabuz dabiltzan eskarmentu handiko itzultzaileak, bai eta Espainiako zenbait unibertsitatetako doktore eta ikertzaileak ere.
Ikasle guztiek egin beharko dituzte nahitaez praktikak enpresetan. Hala ere, horren ordez, aukera izango da proiektu tekniko bat edo ikerketa lan bat egiteko. Praktika horietarako itzulpengintza arloko hainbat enpresaren laguntza izaten du masterrak.
Ikasgaiek izaera praktiko argia dute eta eskola guztiak itzulpen laborategian ematen dituzte.
Masterrean izena aurretiaz emateko epea 2007ko ekainean hasiko da, eta eskolak urrian hasiko dira. 20-25 ikasle onartuko dituzte. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, Tecnolettraren webgunean aurkitu daiteke.
Iturria: Amparo Alcina
TECNOLOCen zuzendaria