Herrialde gutxituetako ahotsen itzulpena
Ahotsen itzulpena, herrialdeetako hizkuntzen itzulpena Nazioarteko Bigarren Biltzarra egingo da 2007. urteko irailaren 14tik 15era bitartean, Durham (Ingalaterra) Unibertsitateko Italiera Sailak antolatuta.
Lehenengo biltzarretik atera ziren ondorioek argi utzi zuten oraindik ere ikerketa lan handia egin beharra dagoela hainbat herrialdetako hizkuntza gutxituen itzulpenaren alorrean. Eztabaidarako ez ezik ikerketarako ere akuilu izan daitezkeen eta biltzar honetan landuko diren gaien artean ditugu, besteak beste, sorburu-hizkuntzek xede-hizkuntzaren arauetan eta joskeran duten eraginaren nondik-norakoak edota hizkuntza nagusiek hizkuntza gutxituetan duten inpaktu kulturalaren zer-nolakoak.
Bigarren biltzar honen bidez ahots marjinatuen itzulpenean dauden praktiken eta teorien berri eman nahi da, ez bakarrik tradiziozko literaturaren barruan edo ikus-entzunezko itzulpenean, baita ikuspegi soziolinguistikoak aintzat hartuta ere. Horiek horrela, gai hauetako edozeini buruzko ekarpenak idatzi eta igortzeko gonbit egiten dute antolatzaileek:
Ikus-entzunezko itzulpenerako estrategiak
- Erraztasuna: azpidazketa, bikoizketa, voice-over eta audiodeskripzioa
- Eskuragarritasuna: azpidazketa, bikoizketa edo biak nahasian?
- Jarraituriko estrategietan ezkutatzen diren aukera ideologikoak: zentsura eta politika-aukerak
Hizkuntza gutxietatiko itzulpena eta hizkuntza gutxietaranzko itzulpena
- Aukera ideologikoak
- Eragin soziologikoa
- Hizkuntzen berdintasuna lortzeko politikak
Bikoizketa eta dialektoen itzulpena
Herrialdeetako ahotsen itzulpena
Lanek ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz edo italieraz idatzita egon behar duten arren, beste hizkuntza batzuk ikertzen jarduten duten aditu, irakasle eta profesionalen ekarpenak ere onartuko dira.
Interesatuek 2007ko martxoaren 20a baino lehenago bidali beharko dute goian aipaturiko gaiekin lotuta dagoen edozein ikerlanen laburpena (gehienez ere 300 hitz). Argibide gehiago lortzeko, biltzarreko webgunera jo behar da.