Nagib Mahfuz-en eta Yasunari Kawabata-ren eleberri bana Literatura Unibertsaleko bilduman
Patxi Zubizarretak itzulitako Mirarien Kalezuloa eta Ibon Uribarrik euskaratu duen Loti ederrak aurkeztu ziren 2006ko abenduaren 15ean Gasteizen.
Ibon Uribarri EIZIEkide filosofian doktore eta itzulpengintzako irakasleak japonieratik zuzenean euskaratu du Kawabataren (1899-1972) erotismoz beteriko lan arrakastatsua. Japoniera zaharrean idatzitakoa, estiloaren musikaltasuna du nabarmentzekoa.
Patxi Zubizarreta idazleak itzuli du Nagib Mahfuz (Kairo, 1911-2006) Nobel saridunaren obra. Ez du jatorrizko arabieratik egin, frantsesetik baino. «Arabiera ez dakidan arren, frantsesezko itzulpenak adierazten du arabierazko esaldiak oso luzeak direla», esan zuen Zubizarretak liburuaren estiloari buruz. Baina arabierazko literaturatik benetan «hitzen bitartez jositako begiradek» liluratu dute Zubizarreta. «Usain eta koloreei antzematen zaie. Sentsualitatez beteriko lana da; ez zuri-beltzekoa», esan zuen.
Argibide gehiago:
Literatura Unibertsala bilduma