Deutsch-Baskisch Wörterbuch
Alemanaren eta euskararen arteko hiztegirik ez genuen gure artean eta hutsune hori betetzera dator Elena Martinezek egin duen lan handi hau. Aspaldi, Alemanian egin zen hiztegi etimologiko bat, eta berrikiago beste hiztegi modernoagoa kaleratu zen, baina ez zen oso erabilgarri gertatu. Orain, itxaronaldi luze baten ondoren eskuartean dugu Elena Martinezena . Hiztegi honen lehen berriak aspaldi jaso genituen, eta kalera bezain laster bihurtu da alemanaren eta euskararen artean lanean ari diren itzultzaileen eguneroko lan tresna.
Hiztegiak 32.400 sarrera eta 5.000 bat adibide ditu. Horrez gain, gramatika eranskin txiki bat dakar hizkuntza bakoitzarentzat. Bistan da hiztegi zabalagoa egin zitekeela, baina lehen saioa izanda oraingoz badugu pozik izateko arrazoirik eta beste guztia ere denborarekin etorriko dela espero dugu.
Sarrera bakoitzak izen alemanen generoa eta forma plurala jasotzen ditu, eta aditzen joskera ere biltzen da bi hizkuntzetan. Falta zaion gauzatxo bakarra aditz aleman bereizgarriak markatzea izango litzateke.
Euskal Herrian alemana ikasten dutenek eta Alemanian euskara ikasten dutenek ere, badute orain bi hizkuntzen arteko zubi zuzena, beste hizkuntzen bitartekaritza neketsua saihestuta.
Hiztegiaren ondorioen artean, egilea beste lan interesgarri bat prestatzen ari da: gaztetxo euskaldunek eskolan alemana ikasteko eskuliburua. Berriki argitaratu da, gainera, euskara ikasi nahi duten alemanentzako euskal gramatika. Orain, aleman gramatika beharko genuke euskaldunok.
Dena den, argi dago euskararen eta alemanaren arteko harremanak bizkortu egin direla azkenaldi honetan. Frankfurteko Unibertsitatean abian jarri duten Euskal dokumentazio zentroa ere eragile garrantzitsua izango da etorkizunean arlo honetan. Badago, beraz, aski arrazoi alemanarekin lan egiten dugun euskaldunok kontent izateko.