Itzultzaile mintegia (alemana-euskara)
EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketetako irakasle batzuen eta Tandem elkartearen inguruko zenbait irakasleren ekimenez, euskararen eta alemanaren arteko literatur itzulpenak suspertzeko mintegia sortu da.
Orain arte prestakuntza berezia jaso ez zuten euskaratik alemanerako itzultzaileen lana hobetzea da mintegi honen helburua.
Azaroaren 24an elkartuko gara berriro Tandem elkarteak Donostian duen egoitzan euskara-alemana-euskara binomioei lotutako literatur itzulpen lanak aztertu eta eztabaidatzeko.
Mintegia 2006-2007 ikasturte hasieran abiatu zen uztailean egin zen prestakuntza-bilera baten ondoren. Orain arte bi bilera egin ditugu: irailaren 29an Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak eta Ludger Mees-ek alemanera egindako itzulpenaren bi kapituluen arteko alderaketa egin genuen; urriaren 27an gaia Aingeru Epaltzaren Rock'n'Roll zati baten bi itzulpen konparatzea izan zen.
Azaroaren 24ko hirugarren bileran Kafkaren Vor dem Gesetz eta Mirandek eta Kintanak egindako itzulpenak izango ditugu hizpide.
Mintegia irekia dago euskaratik alemanera nahiz alemanetik euskarara itzultzen dutenei edo itzuli nahi dutenei. Euskal Herrian bizi diren itzultzaileek ez ezik, alemana hitz egiten diren herrietan bizi direnek interneten bidez ere parte har dezakete.
Itzultzaile mintegiak hilean behin biltzeko eta gune irekia izateko asmoa dauka, itzultzaileen eta euskara-alemana hizkuntzen harremanetan lan egiten dutenen artean ahalik eta pertsona gehien bildu nahiko lituzke. Gainera, itzultzaileen prestakuntza bultzatzeko eta itzulpenen kalitatea bermatzeko espazioa izan nahi du.
Interesa duenak aurtengo Durangoko azokan alemana eta euskara lotzen dituzten hainbat ekimenen (hiztegia, gramatika, eta beste egitasmo batzuen) aurkezpenean informazio gehiago jasotzeko aukera izango du.
Harremanetarako: euskalema@euskalnet.net