Itzulpengintza, interpretazioa eta gizarte konpromisoa
Granadako Unibertsitatean I. Nazioarteko Foroa egingo dute, itzulpengintza, interpretazioa eta gizarte konpromisoa hizpide hartuta, 2007ko apirilaren 28tik 30era bitarte.
Egungo munduaren egoera konplexua eta ezegonkorra da, mundializazio neoliberala eta gatazka armatuak nagusi dira, eta munduko muga guztiak gainditzen dituzte: herrialdeen artekoak, kulturalak eta hizkuntzenak. Baina botere nagusi horiez gain, badira beste giza talde batzuk (GKEak, gizarte mugimenduak...) herrialdeen gainetiko ekintza esparruak baliatu eta botere nagusiei aurre egiten saiatzen direnak.
Egoera horretan, botereen arteko tira-biran, interpreteek eta itzultzaileek zer parte hartze izan behar dute? Zer betekizun dute bidegabekeriak konpontzen laguntzeko? Gai horien eta antzekoen gainean gero eta interes handiagoa dago, unibertsitatean zein esparru akademikotik kanpo. Hori dela eta, nazioarteko foroak arlo askotako lagunen arteko eztabaida bilera izan nahi du: ikertzaileak, irakasleak, itzultzaileak, interpreteak eta gizarte zibileko eragileak.
Foroari buruzko informazio gehiago eskuratzeko: www.translationactivism.com