Abian da XX. Jokin Zaitegi Sariketa

2006 Azaroa 5
Abian da XX. Jokin Zaitegi Sariketa

Abian da urtean urteko Literaturako Nobel saridunaren lan bat itzultzeko Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Kutxaren laguntzarekin deitzen duten lehiaketa. Aurten, Suediako Akademiak Orhan Pamuk idazle turkiarrari eman dio Nobel Saria, eta Pamukek idatzitako Kar (Elurra) eleberria itzultzeko beka emango zaio lehiaketaren irabazleari.

Deialdian ezarri denez, 2006ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira itzulpen-laginak, eta epaimahaiak –Luis Berrizbeitiak, Aingeru Epaltzak eta Itziar Otegik osatuko dute– 2007ko urtarrilaren amaiera baino lehen izendatuko du irabazlea. Elkar argitaletxeak, berriz, 2007ko Durangoko Azoka izango du epemuga itzulpena argitaratzeko.

Lehiaketa hau Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko helburuz –aurten, gainera, ehun urte bete dira Zaitegi jaio zenetik– eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko antolatzen da.

Sariketa aspaldikoa badugu ere, 2002an itxuraldatu egin zen; ordutik aurrera, Literaturako Nobel saria nork irabazten duen, idazle horren lan bat itzultzeko lehiaketa egiten da. Orain artekoan, honako obrak itzuli dira: Imre Kertész hungariarraren Zoririk ez (Urtzi Urrutikoetxea), J.M. Coetzee hegoafrikarraren Lotsaizuna (Oskar Arana) eta Harold Pinter ingelesaren bost antzezlan (Iñigo Errasti). 2004an, berriz, eman gabe gelditu zen Elfriede Jelineken Die Liebhaberinnen eleberria itzultzeko saria.