Europako itzulpen master bat?

2006 Urria 23
Europako itzulpen master bat?

Europako Batzordeak elkarlan prozesu bat zabaldu berri du itzultzaileen prestakuntzaren esparruan. Joan den urriaren 19an eta 20an, Europako batzordearen Itzulpen Zuzendaritza Orokorrak mintzaldi bat antolatu du Bruselan, «Europako itzulpen master bat sortzeko bidean» izenburuaz.

Era honetako lehen mintzaldia izan da, eta Europar Batasuneko, Bulgariako eta Errumaniako adituak bildu ditu. Bertan izan dira itzulpengintza irakasten duten 70 bat unibertsitateen ordezkariak, nazioarteko erakundeen (NBE, NATO, OCDE) ordezkariak eta elkarte profesionalen ordezkariak. Guztien artean, Europar Batasunean itzulpen master bateratu bat ezartzeko ereduaren inguruko alderdi guztiak aztertu dituzte.

Ján Figeľ, Hezkuntza, Kultura eta Eleaniztasun komisarioak adierazi duenez, «bilkura hau eleaniztasunaren bidean aurrera egiteko era berritzailea da, Europako unibertsitateen lankidetza sarea hobetzen lagunduko baitu, Europako itzulpen masterraren proiektuaren barruan».

Mintzaldiaren helburua izan da Europa osorako master eredu bat ezartzea, baina unibertsitate bakoitzaren erabakimen librea izango da ikasketa planen barruan sartzea.

Europako itzulpen masterrak bi urteko ikasketa trinkoa eskaini nahi du, unibertsitate titulu guztiei irekia. Itzulpengintza irakastea izango du xede, ez hizkuntzak ikastea edo hizkuntza trebetasunak hobetzea. Masterraren bitartez, itzultzaile ongi trebatuak sortu nahi dira, itzultzaile profesionalak behar dituen gaitasun guztiekin, markatu nazionaletan bezala nazioarteko erakundeetan lan egiteko gauza izan daitezen.

Argibide gehiago mintzaldiaz:
http://ec.europa.eu/dgs/translation/events/emt2006/index_fr.htm

Argibide gehiago Itzulpen Zuzendaritza Orokorraz eta hizkuntzez:
http://ec.europa.eu/dgs/translation/index_fr.htm
http://europa.eu/languages/fr/home