Queneau-ren «Estilo ariketak», orain Gasteizen
Donostiako, Iruñeko eta Bilboko ekitaldi arrakastatsuen ondoren, oraingoan Gasteizen egingo da Raymond Queneau-ren Estilo-ariketak liburuaren aurkezpen eta irakurketa. GEU Gasteiz Euskalduna elkarteak eta Igela argitaletxeak antolatuta, datorren urriaren 11n izango da, 20:00etan, Gasteizko Hikaateneoan , GEU elkarteko irakurle klubaren 2006-2007ko egitarauaren aurkezpen-ekitaldiaren barruan.
Xabier Olarra liburuaren itzultzailea arituko da hizlari, eta, bestalde, Mireia Gabilondo, Patxo Telleria Carlos Zabala aktoreak liburuko hamabi testu prestatu dituzte haien irakurketa antzeztua egiteko.
Igela argitaletxeak Koldo Mitxelena Kulturunearekin batera argitaratutako Estilo ariketak honekin, frantziar egilearen bi obra nagusiak ditugu euskaratuak; izan ere, Joxan Elosegik Zazie metroan itzuli zuen 1996an, Literatura Unibertsala Bildumarako. Itzulpengintzaren ikuspegitik, bestalde, azpimarragarria da orain heldu den liburu sailkaezin hau euskaratu izana, itzulgarritasunaren mugan kokatu izan ohi den ariketa literario erabat berezia baita Queneau-ren lana. Hori horrela, ez da harritzekoa Olarraren itzulpena aurtengo Euskadi saria irabazteko hautagaietako bat izatea.