Biblija.net

2006 Iraila 25
Biblija.net

Aurkezpen saio handirik gabe, Bibliaren testuak sarean ipini ditu Esloveniako Bibli Elkarteak eslovenieraz, ingelesez, frantsesez, nederlanderaz, espainieraz, katalanez eta euskaraz.

Biblija.net izeneko webguneak hizkuntza bakoitzean onarturik dauden Bibliaren bertsioak jasotzen ditu. Euskaraz, jakina, Elizen Arteko Biblia da, eta Bibliaren liburu guztiak hartzen ditu, Itun Zaharra, Liburu Deuterokanonikoak eta Itun Berria. Beste hizkuntzetan, bakoitzari dagozkion bertsio desberdinen testuak osorik biltzen ditu.

Webgunea oso ongi eta argi dago antolatua, eta bilaketak egin daitezke Bibliaren erreferentziaren arabera, baita testu librearen arabera. Gainera, testu librearen arabera bilatu nahi izanez gero, Bibliaren liburu jakin batzuetara mugatu daiteke bilaketa. Emaitzetan, beti ageri da bilatutako hitzak zein erreferentziatan ageri diren.

Zorionak eta eskerrak eman behar dizkiogu Esloveniako Bibli Elkarteari eta harekin lankide izan diren Bibliaren euskal itzultzaileei.