Hizkuntz Transferentzia eta Hedabideak

2006 Iraila 8
Hizkuntz Transferentzia eta Hedabideak

Ikus-entzuteko hedabideek gaurko gizartean erdietsi duten helmenaren zabalak ez dauka alderatzerik beste inongo hedabide edo komunikabiderekin. Ikus-entzunezko produktuen esparrua etengabe ari da aldatzen eta berritzen: emisio publiko nahiz pribatuak, telebista eta zinema digitala, ordainpeko telebista, kable bidezkoa, satelite bidezkoa, DVD, DSL (harpidedunen linea digitala), Internet, telefonia mugikorra, etab. Hitz batean, era guztietako pantailak mundua jaten ari dira.

Ikus-entzuleak ere gero eta anitzagoak dira eta guztiengana iritsi ahal izateko bide eta estrategia berriak ari dira sortzen. Estrategia horietan itzulpenak berebiziko papera jokatzen du ez bakarrik ahalik eta ikus-entzule kopururik zabalenarenganaino heltzeko baitezpadako bitartekoa delako, baita produktuaren azken prezioari zuzenean eragiten diolako ere. Eszenatoki berri honi esker hizkuntza beharrak, hau da, itzulpen eta interpretazio beharrak, handiagotu eta aldatzen ari dira: gor eta belarri-gogorrentzako azpidazketak, zeinu hizkuntzako interpretazioak edota audio deskripzioak, besteak beste, gero eta indar handiagoa dute ikus-entzunezkoen merkatuan.

Egoera berri honi erantzun nahian Berlingo ICWE GMBH enpresak Ikus-entzuteko Hedabideetako Hizkuntza Transferentzia buruzko VI Nazioarteko Biltzarra antolatu du Berlinen, 2006ko urriaren 25etik 27ra bitartean.

Jorratuko diren gai nagusiak hauek dira:

- Ikus-entzunezko itzulpena: bikoizketa, azpidazketa, ahots gainjartzea …
- Gor eta belarri-gogorrentzako azpidazketa, zuzeneko azpidazketa, zeinu hizkuntzako interpretazioa eta audio deskripzioa;
- Teknologia eta tresna berriak
- Alfabetatzea eta multimedia
- Internet eta nazioarteko banaketa
- Bideo jokoak
- Lege eskubideak.

Argibide gehiago nahi duen orok helbide hauetara jo dezake:

ICWE GMBH

Languages and The Media Conference