Jokin Zaitegiren jaiotzaren mendeurrena
Joan den uztailaren 26an ehun urte bete ziren Jokin Zaitegi jaio zenetik. Itzulpengintzaren bitartez eta, oro har, euskarazko testuen egile nahiz sustatzaile gisa urte ilun eta latzetan zehar euskarazko kultura garatzearren egin zuen ekarpen itzela dela-eta, gure kulturaren eta hizkuntzaren bultzatzaileen artean mugarri izan direnetako bat dugu Zaitegi.
Jokin Zaitegiren egina eta ahalegina aztertzean, beste ezeren gainetik kontuan hartu beharrekoa da hark izan zuen irrika nagusia: euskara eta kultura jasoa uztartzea, euskararen normalizaziorako bidean. Alegia, kultura herritarrerako ez ezik, goi mailako kultura lantzeko tresna gisa ere euskararen egokitasuna aldarrikatu eta ekinaren ekinez agerian uztea.
Loiolan jesuitekin ikasi zuen (euskal kulturan erreferentzia diren beste zenbait izen ikaskide izan zituen han, hala nola Andima Ibiñagabeitia, Lauxeta eta Plazido Mugika), eta Jesusen Lagundiko kide izatera ere iritsi zen. Hala ere, Lagundiko zenbait sektorek euskararen inguruan zeukaten jarreraren ondorioz, Zaitegik Lagundia uztea erabaki zuen, 1944an. Handik aurrera, bere bizitzako urte asko Guatemalan igaroko zituen, irakasle lanetan.
Zaitegiren obrari dagokionez, zenbait alor jorratu zituela adierazi behar da: olerkigintza landu zuen, eta Tori nire edontzia olerkiarekin garaileen haritz adarra eskuratu zuen Zarauzko V. Olerti Egunean, 1934an. Horrez gain, berak idatzi eta itzulitako olerkiz osaturiko bi liburu argitaratu zituen: Goldaketan eta Berriz ere goldaketan.
Halaber, itzulpen-lan eskerga egin zuen: Sofoklesen antzerki guztiak eta Platonen elkarrizketak euskaratu zituen, besteak beste.
Prosaren esparruan ere barneratu zen. Bidalien eginak liburuan euskaraturik bildu zituen apaizgaiei zuzenduriko zenbait testu, jatorriz latinez idatzirik zeudenak. Platoni buruzko saio liburu bat ere prestatu zuen, Platon-eneko atarian izenekoa.
Baina agian, Zaitegiren ekarpenik aipagarriena Guatemalan 1950ean sortu zuen Euzko-Gogoa aldizkaria da, lehen euskal kultur aldizkaria, hamar urtez argitaratzea lortu zuena, bere ondare pertsonala proiektu hori finantzatzeko bideratuz. Aldizkariaren aztergaia gehienbat literatura zen, baina beste arlo batzuk ere jorratu zituen, hala nola hizkuntzalaritza, soziologia, historia eta filosofia. Aldizkarian guztira hirurogeita hamar idazle ingururen artikuluak argitaratu ziren, baina hiru idazle nagusi izan zituen: Jokin Zaitegi bera, Orixe eta Andima Ibiñagabeitia.
Arrasateko AED euskara elkarteak, Jokin Zaitegiren omenez, bere izena daraman itzulpen sariketa antolatzen du aspalditik. 2002. urteaz geroztik, sariketaren helburua da literaturako Nobel sariaren aurreko urteko irabazlearen obra bat euskaratzea.