Gianni Celatiren «Parlamenti buffi» trilogia, euskaratua

2006 Maiatza 29
Gianni Celatiren «Parlamenti buffi» trilogia, euskaratua

Gianni Celati italiar idazlearen Parlamenti Buffi (Erretolika irrigarriak) trilogiaren hirugarren alea -saileko lehenbizikoa, berez- argitaratu berri da, euskaraz: Guizzardiren abenturak.

Aurreko bi lanek, Denak Hasperenka eta Paradisuko almanaka -saileko bigarrena eta hirugarrena-, orain hilabete batzuk ikusi zuten argia. Pello Lizarralde eta Fernando Rey izan ziren, hurrenez hurren, bi lan horien itzultzaileak, eta Fernando Rey izan da, halaber, oraingo hau -saileko lehenbizikoa- itzuli duena. Hiru liburuak ere Igela argitaletxearen bidez heldu zaizkigu.

Askorentzat ezezaguna bada ere, Europako idazlerik onenetakotzat du hainbatek Gruppo '63ko partaide izandako Gianni Celati. Autore polifazetikoa dugu inondik ere Gianni Celati: idazlea, literatura-itzultzailea, unibertsitateko irakaslea, dokumentalen egilea... Eta prestigio handikoa alor horietan guztietan; adibidez, itzulpengintzari dagokionez, ikusi besterik ez dago zer autore itzuli dituen italierara: Céline, Melville, Stendhal, Swift, Twain, London, Barthes, Holderlin…

Aipagai ditugun hiru liburuok 1971tik 1977ra bitartean idatzi zituen Celatik. Urte batzuk geroago, 1989an, Parlamenti buffi izenburupean berrargitaratu zituen, zenbait aldaketa sartuta; trilogiak Mondello saria jaso zuen hurrengo urtean.

Trilogia izanik ere, esan behar da obra independenteak direla, Celatik izandako bilaketa-prozesu baten emaitza, baina zein bere aldetik irakurtzeko modukoak. Euskarazko ediziorako berariaz prestatu duen hitzaurrean, Celatik berak ematen ditu zenbait argibide eta jakingarri bilaketa-prozesu horri buruz eta, oro har, liburuoi buruz. Celati bera izan dute, era berean, babesle eta laguntzaile itzultzaileek ere.

Laguntza horrek, bide batez, Paradisuko almanaka-ren gaztelaniazko itzulpenean ere emanen ditu fruituak, itzulpen hori euskarazkoarekin bateratsu egin baitu Pilar Uharte iruindarrak. Baliteke gutxi barru argitaratzea lan hori, El almanaque del paraíso izenburupean. Beste biak gaztelaniara itzuli gabe daude oraindik.