Hamlet Euskal Etxean
Exilioa, eta bereziki idazleen exilioa, arazo identitarioa bihurtzen da: hangoa eta hemengoa izatea, batetik arroztea arrotzean bertakotzeko. Gureak ez dauka horrelakorik, horixe ekarri diogu guk exilioaren historia unibertsalari, arazorik eza.
Oro har, 1936-37 gerraondokoa oso exilio antolatua izan zen, hala ihesaldian nola egonaldian. Agirrek ongi baliatu zituen Alderdiak aurretik zeuzkan kontaktuak, eta errepublikano espainiarrak Mexicon hartuko zituzten bezain besozabaleko ongi etorria egin zitzaien euskal herritarrei Argentinan eta Venezuelan.
Gure exiliatua, «euskal idazlea» txatala eransten ahal diogun hori, taldean ibili izan zen, euskal etxeaketan, Euskal Herrian nolabait, harreman sare sarrian. Eta urruntasunetik idazten dutenen gaitza, herriminak eragindako lauso itsugarri hori aspaldian zegoen gure literaturaz jabetua inora irten barik: Euskal Herriaren idealizazioa exilioa bera baino lehenagokoa da, Bingen Ametzagaren 1920ko poemetan ikus genezake ezin gardenago.
Exilioa, ihesaldi hutsa izan ez ote zen.
Hala dirudi, etengabeko gutartasun batean dauzkagu finkatuak poetak, Orixe salbuespen bakarra. Ez ordea zalantza identitario izpirik daukalako, Otañoren arrantxoko onbua ebakitzen duelarik -eta honenbestez, itsasoaz harat, hemen alegia, utzitako baserriko intxaurrondoa- ez baita nostalgia trenkatuta amerikartzen, mistizismoan murgiltzen baizik. Exilioak ez du ezertxo ere kolokan jartzen euskaldun baino euzkotarragoak ziren haietan, idazten dituzten hitzek ez dute inolako loturarik errealitatearekin, ez oinaze pertsonalarekin, ez inguru arrotz eta aldi berean erakargarriarekin, ghetto batean bizi izan dira gure idazleok exilioan, Sabin Irizar baten bitalismoari (Txirike-Parú) gurasokeriazko irriñoa eginik. Hizkera poetiko astun bat heredatu dute, eta behin eta berriz errepikatzen dizkigute topiko berdinak. Unamuno madarikatuko dute, ez dute izan nahi hizkuntzaren andero («Ama!»), eta iduri luke ez dutela inoiz entzun harako irain dotore hura, la honrada poesía vascongada. Beldurra ematen die munduak, Ametzagak nahiago du Sena baino Gobela («Gobela alferra» dio, epiteto bikaina guztiz ibaitxo batentzako, «bazterra»rekin errima egin beharrak sorrarazia noski), Paris edo London baino nahiago du Algorta, portutxo bat alegia, garai hartan. Ez portutxoagatik, euskal zelako baizik.
Poema meta polita idatzi zuten Ametzagaren belaunaldikoek Euskal Herritik kanpo, baina nekez irakurtzen ahal dugu exilioa beren testuetan. Gure idazle exiliatuek ez dute han-hemen dialektikaren gatazka ezagutzen, irakur dezagun Guatemalan argitaratzen zen Euzko-Gogoa aldizkaria hastetik azkeneraino eta ez dugu Amerikaz deus jakinen. Tenkadurarik gabe idazten dute urteetan eta urteetan, exilioa ez da arazo, ez dirudi, ezta linguistikoa ere, harrigarria da. Itsu jarraitzen dute, Europan ikusi nahi ez zituzten errealitateei Amerikan ere bizkar emanda, Dakar, Casablanca, La Habana, Barranquilla, Montevideo, Caracas... non ez ote zen ibili Bingen Ametzaga! Haatik, ez dugu exilioa ezagutuko bere poemetan. Horretarako, gurea irakurtzeko, alegia, hango hemengoa, ez hemengo hangoa, beste hizkuntza batean sartu beharko dugu, Guerra y Destierro eta Rincones Mágicos bilduma argitaragabeetan. Ametzagarenak, bai. Gauza bat baita literatura, eta beste bat euskal literatura. Hizkera poetiko astun bat heredatu zuen gure hizkuntza ikastearekin batera, elizakeriaz eta txokokeriaz betetako iruditeria infantil hori, eta ezin du adierazi bizitza, mundua, berria. Babeslekua eta presondegia da euskal etxea. Hainbesteraino non literatura hau, iruditeria eta gogoeta mota hau, oro har, arrotza gertatuko zatekeen beren herrian bertan. Ideologia batean bakarrik bizi zen herria zuten kantagai, errealitatearekiko urrun daude poesia honen berbak. Poema hauek irakurriz, etxe barnea begitantzen dugu: erromeriako irudiak eta Amabirjinaren koadroak.
Libre izateko, beste hizkera bat behar lukete, beste poetika bat.
Horrek egiten du interesgarri Bingen Ametzaga, premia hori espreski inoiz formulatu ez bazuen ere besteren poesian barrena egin zuen bideak poetika zaharkitu hura gainditzeko ahalegin handi bat erakusten duelako. Horixe da, hain zuzen, poeta honen exilioa, eta exilio honen gatazka: berean nahi du baina bestearen beharrean da, berak ezin adieraz ditzakeen edertasunak aurkitzen ditu besterenean bereganako, eta, apurka, haiek euskaratuz, bestelako proposamenak ekartzen dizkigu. Exilioak ez dakarkiona, itzulpenak ematen dio. Hauek dira Ametzagaren tenkadurak dituen buru biak: idazten duena eta irakurtzera ematen diguna, euskaraz idazten duena eta munduko hizkuntzetatik ekartzen diguna, hots, itzultzen diguna eta idazteko gauza ez dena. Horrela gainditzen du bere poesiaren anakronismoa.
Bingen Ametzagaren poemagintza ez da nortasun berezikoa, edozein prailekondok egin zitzakeen poemak moldatu zituen, baina Chaucer, Marlowe, Shakespeare, Milton, Whitman, Turgenev ezagutarazi zizkigun, begi landuko irakurlea genuen... eta Wilderen The Ballad of Reading Gaol luzea itzuli zigun osorik, zehatz eta bikain. Sortzaile eta zortzaile zenez, idazle zeharraldatuaren dialektikan kokatuko genuke beraz: ni ez naiz hau, hura izan nahi nuke, hura naiz nire egiten dudanean, hala uste dut nik esaten digula bere obra osoak. Eta garai hartan gure hizkuntzak, gure hizkera literarioak zeukan egoera objektiboa kontuan hartuz gero, Bingen Ametzaga itzultzaile izugarria izan zela esan genezake.
Horixe izan zuen munduaz jarduteko modua.
Baliteke denbora-pasa bezala hastea itzulgintzan, gauzatxo bat gaur beste bat bihar euskaratzen, era guztiz kapritxosoan, edo eskura zeuzkan haietarik. Lehen itzulpenak 1939an datatuak datoz, alegia, Alsina ontzi ezagunean egin behar izan zuen bidaia luze hartan burutuak dira noski. Baina jolasean edo hasi zen hark bizitza osoa hartu zion, obsesioa bihurtzeraino. Exilioaren ondorio eta metafora ere bada, zergatik ez naiz ni hura, banaiz ordea, ikusi, eta Du Bellay hartzen du oinarri berea moldatzeko, edo Goethe. Zergatik ez ote gara gu hau, galdetzen dio nolabait poetak bere buruari. Errealitate literarioa autore horiek baitira, ez gure literatura, gurea euskal da, Algortako portutxoa.
Exilio mota bat irakurtzen ahal dugu, bai, Bingen Ametzagaren poema propioak eta itzuliak irakurtzean, hemengoa eta mundukoa izan nahi du, bi bertakotasun ditu, biak gatazkan. Zer sentitzen ote zuen Wilde itzultzen ari zelarik? Amorrazioa ere bai, zer duda egin. Bestea topatu zuen, hurkoarekin estropezu egiteko ausardia ukan zuen. Bestea, antzinateko greziarra ez izan arren, literarioa zela ikasi zuen.
Bestea behar duenez bere burua definitzeko, ezin modernoagoa da alde horretarik Bingen Ametzaga: Palestinaz, Sarajevoz, Manhattanez, Bagdadez, Lisboaz idazten diguten egungo euskal poetetarik bat ematen du.
Argibide gehiago: Bingen Ametzaga, Itsaso aurrean
Egilearen eta www.susa-literatura.com webgunearen baimenaz argitaratua.