Justiziako Ministerioko interpreteak babes eske
Espainiako Justiziako Ministerioko interpreteak lan baldintza duinen aldeko borrokan dabiltza. Betetzen dituzten lanpostuen birsailkapena egin dadin eskatzen dute egun ministerioan dabiltzan 27 interpreteek. Euskarazko interprete lanpostu berri bat sortuko omen da laster, eta hau ere lehen kategoriakoa izatea aldarrikatzen dute, hau da, interpretea lizentziatua izatea.
Antza denez, euskarazko interpreteen eskaria handituz doa Madrilen, eta Auzitegi Nazionaleko presidenteak plaza berriak sortzea eskatu du. Azkenean, lanpostu berri bat sortuko da euskarazko interpreteentzat, baina batxilergoko ikasketak izatea nahikoa izango da lanpostua betetzeko. Justiziako Ministerioko interprete talde bat lanpostu hori lehen kategoriakoa izan dadin borrokatzen ari da. Itzultzaile eta interprete guztien, elkarteen eta akademikoen babesa eskatu dute eginahal horretan. Justiziako Ministerioko gainerako 27 interpreteak birsailkatzea ere eskatzen dute.
Madrilgo Komunitatearentzat lan egiten duten interpreteek Auzitegi Nazionalean eta Auzitegi Nagusian lan egiten dutenek baino ia %100 gehiago kobratzen dute. Administrazio Publikoetako Ministerioaren esanetan, ez da birsailkapenik onartuko, ordea. Egoera ikusita, itzulpengintza eta interpretazioaren alorreko profesionalen babesa funtsezko jotzen dute presioa egin ahal izateko.
Elkartasuna eta babesa eskaini nahi dutenek, Justiziako Ministerioko itzultzaileek bidali diguten gutuna irakurri eta, ondoren, administrazioko lanpostuen sailkapen batzordeko buruari zuzendutako gutuna sina eta bidal dezakete (PDF formatuan edo RTF formatuan).