Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO)
Euskal Herriko Unibertsitateak zientzia era guztietako irakurleen eskura ipintzeko sortu zuen Zientzia Irakurle Ororentzat bilduma. Hirugarren alea 2005eko abenduan plazaratu zen: Denis Guedj-en Loroaren teorema. Matematikaren historia, matematika askorik ez dakienarentzat ere moldatua.
Literatura eta zientzia elkarren eskutik eraman nahi ditu ZIO bildumak, Sokratesen hitzok (Jokin Zaitegiren itzulpenean) goiburu dituela: «Danaren zioak ezagutzea, inolako gauza zalakoan nengoen: zer-nola gertarazten dan, zer-nola amaratzen dan, zer dala-ta dan, izan ere».
Lehen alea Oliver Sacks-en Antropologo bat Marten (2003) izan zen, Xabier Olarrak euskaratua. Neurologo baten ipuin harrigarriak ziren. Bigarrena, François Jacob-en Sagua, eulia eta gizakia (2004) izan zen, medikuntzako Nobel saria irabazitako genetista baten gogoetak; itzulpena Juan Garziak egin zuen.
2005eko Durangoko Liburu Azokarako Denis Guedj-en Loroaren teorema (Le Théorème du Perroquet) kaleratu zen, matematikaren historia eleberri bihurtua. Detektibe ikerketa bat tartean dela, Euklides, Pitagoras, Arkimedes, Newton, Descartes eta Cantor-ek matematikaren alorrean emandako aurrerapausoak agertzen dira. Jon Muñoz Otaegi arduratu zen itzulpenaz.
Orain arteko hiru liburuekin batera CD bat eskaini izan da, material osagarriekin, eta Loroaren teorema honen kasuan Fernando Morillo idazle eta fisikaria arduratu da.
«Nahi dugu liburuok literatur lanek bezala funtzionatzea, hau da, atseginak izatea. Azken batean, esan liteke saiakera onak direla liburu guztiok. Liburuaren arabera, eskarmentu handiko itzultzaileak aukeratu izan ditugu, eta aurrerantzean gazteago batzuei emango diegu luzitzeko aukera», aitortu dute bildumaren zuzendari Itziar Lakak eta Juan Garziak (argazkian).
Ongi landutako edizioa dute liburuok, Antton Olariagaren azalaz, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz kaleratzen da bilduma.
ZIO bildumaren hurrengo zenbakiak izango dira:
JMA Lenihan, Giza gorputza lanean (Human Engineering: The Body Re-Examined). Gorputzaren diseinua, ingeniari baten ikuspegitik. Itzultzailea: Irene Aldasoro. Begirale teknikoa: Jon Irazusta.
John Paulos, Zenbakirik gabe bizi (Innumeracy). Zenbaki-analfabetismoaren salaketa (probabilitateak, estatistikak...). Itzultzailea: Josu Zabaleta.
Graham Farmelo, Eder behar du (It must be beautiful). Artikulu bilduma. Zientzia modernoko ekuazio bikain-dotoreenak, istorio bihurtuak. Itzultzailea: Fernando Morillo.