Beste bi ale Literatura Unibertsala bilduman

2006 Martxoa 1
Beste bi ale Literatura Unibertsala bilduman

Aurreko ostiralean, otsailak 24, aurkeztu zituzten Donostian Literatura Unibertsala bildumako beste bi ale, 116. eta 117. zenbakiak hain zuzen. Lehenbizikoa, Dorothy Parker estatubatuarraren Hona hemen gu biok (Here We Are eta beste hamabost ipuin); bigarrena, berriz, Danilo Kis serbokroazierazko idazlearen Hildakoen entziklopedia (Enciclopedija mrtvih). Itzulpenaz, hurrenez hurren, Mirentxu Larrañaga eta Monika Etxebarria arduratu dira, EIZIEko kideak biak ere.

Kontakizun sortak ditugu liburu biak. Hona hemen gu biok izenburupean, Dorothy Parkerrek 1923tik 1928ra bitarte zenbait berripaper eta aldizkaritan argitaratutako hamasei ipuin bildu dira, liburuari izena ematen diona tartean; kontakizun zorrotzak, umorez eta atsekabez beteak, autoreak ohikoak zituen istorio gazi-gozoak.

Hildakoen entziklopediak ere bederatzi kontakizun jasotzen ditu, eta post scriptum bat, liburuaren sorreraz eta haren iturri historiko eta bibliografikoez erreferentzia eta azalpen ugari ematen duena. Hala ere, bigarren hau, heriotza harturik gai nagusi, eleberri bat dela esan daiteke, «eleberri-entziklopedia» idazlearen hitzetan; hau da, berdin irakur daitekeena liburu bat aurrenekoz irakurtzen denean bezala edo entziklopedia bat bezala (kontzeptuen nahas-mahas bortitz eta azkarra).

Batetik Dorothy Parker estatubatuarra, azken urteotan merezitako ospea berreskuratzen ari den emakumea, eta bestetik Danilo Kiš, edo, batzuek izendatutako moduan, «Balkanetako Borges»: horiexek ekarri dira oraingoan euskarara Literatura Unibertsala bildumaren baitan. Argia ikusiko duten hurrengoak, ondo bidean, Jules Renard-en Poil de carotte eta Isaak Babel-en Konarmia izango dira; euskaratzaileak berriz, iaz eginiko esleipenaren arabera, Itziar Otegi eta Olga Martinez de Marigorta izango ditugu hurrenez hurren.