Interpreteak eta epaiketak

2006 Otsaila 21
Interpreteak eta epaiketak

Txakurrarenak entzun behar izan ditugu, azken boladan, hedabideetan hauts handiak harrotu dituzten epaiketetan interprete edo itzultzaileek egindako lanaz. Irudi luke ez dagoela euskal interpreteen artean profesional onik, euskararen eta gazteleraren artean halako lana ongi egiteko gauza denik.

Ez da hori egia: profesional onak badaude, bikainak, baina dirudienez Justizia Administrazioak zeken jokatzen du bere interpreteen lansaria ordaintzerakoan. EIZIEn (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartean) zehazki dakigu, esate baterako, Auzitegi Nazionalak ez dizkiela ohiko tarifak ordaindu nahi kontratatzen dituen interpreteei, «garestiegiak» omen direlako. Ez da harritzekoa, beraz, interprete bila abiatzen denean, inolako kalitate irizpiderik eskatu ezinik, gehienez ere hasi berriak edo, besterik gabe, lanbideaz deus ez dakitenak eskuratzea. Arazo hori ez baita gertatzen soilik euskararekin; baita beste hizkuntza askorekin ere (errumaniera, arabiera, kurduera...).

Gainera, lan baldintza neketsu eta zentzugabeetara makurturik, interprete profesionalik onenak ere huts egin dezake. Lan ordu luze eta jarraituak, askotan giro larritasunez betean; lanerako bitarteko material desegokiak, interpretearen intimitatea batere ziurtatzen ez dutenak; eta ordainsari nabarmen kaskarra; horra interprete profesionalaren etsairik handienak.

Euskararen erabilera Konstituzioak berak babestua da. Herritarrek auzitegien aurrean euskaraz egiteko eskubidearekin bat dator, gure ustez, auzitegiaren betebeharra, interpretazio zerbitzu egoki bat eskaintzekoa. Batzuetan, horren mende egon daiteke, aldez edo moldez, babes juridiko eraginkorra.

Bi hizkuntza ongi jakiteak ez du inor interprete edo itzultzaile bihurtzen, legeez jakiteak inor epaile bihurtzen ez duen bezala. Azken boladan justizia auzitegien aurrean interpreteek egindako «hanka-sartze larriez» barra-barra dabiltzan albisteek ez diote, inolaz ere, laguntzen gure lanbidearen irudi onari jende artean. Uste dugu herri erakundeek, batik bat Justizia Administrazioak, behar diren erabakiak eman behar dituela arazo hori lehenbailehen konpontzeko.

Joseba Ossa, EIZIEren lehendakaria (www.eizie.org)