Giza itzulpenaren amaiera?

2006 Otsaila 21
Giza itzulpenaren amaiera?

Itzultzaileek eta itzulpen teknologietako adituek goitik behera, destainez legez begiratzen diete itzulpen programa automatikoak zein sarean korritzen duten itzultzaile «ustez» automatikoak darabiltenei. Gauza jakina baita orain arte emaitza barregarriak baino ez dituztela eman. Baina, zer gertatuko litzateke bat-batean sarean, doan, honelakoak egiteko gai tresna bat eskura balego? Begira diezaiogun duela gutxi Google enpresak aurkezturiko etorkizun lerro nagusietako bati .

Erantsitako irudiko «Doctor indicates…» patetiko horretatik zentzuzko «Doctors said…» horretara jauzi iraultzaile halako bat dago. Seguru asko, Itzulpengintzan, lanbidean, atzera itzuli ezinezko gunea eragingo duen unea. Ez delako gauza bera hitz solteak, testuingururik bagakoak itzultzea ala zentzudun korpusetan oinarrituriko itzulpen adimendunak ematea. Lehenengo itzulpen mota horrek logikaren eta semantikaren legeak alde batera utzita, jatorrizko zentzuaren itzal lauso bat besterik ezin eman dezake. Bigarrenak, itzultzailearen adimena, adimen artifizial halako bat darabil hitzen esanguran barneratu ahal izateko.

Adimen artifiziala? Hau da, gizakien antzera, inguruko egoera aldakorretara egokitzeko gaitasuna? Software adimentsua? Itzulpengintzan ere? Ideia ez da atzo arratsaldekoa, jakina, baina gaur egun ordenadorez lagundutako itzulpen trena gehienen oinarria ez da hori, hain zuzen ere, programa «lerdoak» baino. Bestela esanda, software igergarria da, ustekabekorik ez du sortzen, fuzzy logic deritzona oinarri omen duen arren. Logika bai, baina giza adimenaren lausotasuna, ustekabekotasunik ez… orain arte, itxuraz.

Programek gauza gehiago edo gutxiago egingo dituzte, oinarrizko bertsioak pro ala de luxe aldakiak baino baliabide edo aukera gutxiago ekarriko ditu, emaitza, azken buruan, berbera: programak ez digu ustekabekorik sortuko, ez bada txarto funtzionatzearen ondoriozkoa, jakina. Itzulpen kontuetan ere ez: gaur arte ezagutu ditugun produktu guztiak, itzulpen memoriak zein «ustezko» itzultzaile automatikoek alfabetoa ikasi dute, baina ez dira gauza hitz berriak sortzeko, ezta, are gutxiago, perpaus ulergarriak paratzeko ere. Zer esanik ez, ezta hurrik eman ere, bakarrik, gizakiak gobernatu gabe ganoraz itzultzeko.

Eta zer ez genuke esango programak eta tresnak ikasten hasteko gauza balira? Bestela esanda, eboluzionatzeko, bilakatzeko gaitasunaren jabe balira? Erabiltzailearen hutsetatik edo ustekabeko ekintzetatik ere ikasteko gai balira? Bestela esanda, itzultzaile baten antzera «pentsatzeko» gai balitz, ordenadoreak itzulpen estrategiak erabiliko lituzke corpusak eta hiztegiak beharren arabera, itzulgaien arabera eratzeko. Itzulezintasuna gainditzeko baliabideak metatuko lituzke… Adimena, azken buruan.

Teknologia autistarengandik teknologia azkarrarengana, bizkortasuna helburu. Antzeko zer edo zer egiten hasteko moduan ei dago goiko irudiaren emaitza sortu duen teknologiaren atzean. Hiztegi eta gramatika itxiak abiaburu hartu beharrean, testuinguruetan egiten ditu bilaketak, eskura dituen korpus idatzizkoetan. Ohiko teknologian, webean eskaintzen diren itzulpen automatizatu gehienetan, Systran teknologia darabilte, hizkuntz pare jakin baten itzulpen arauak sortzea harroin. Horko berri horretan Nazio Batuen dokumentu funtsa erabili dute, antza, ordenadoreak milioi bat testu liburuz elikatuta. Haietako batzuk, jakina, itzulpen paraleloak edo baliokideak. Itzulpen memoria egituratua edo bestelako korpus kontrolpekoak gaindituta, testu errealitatea analizatzen du programa adimentsua. Azterketa estatistiko arin-arinak baliatuta, testuaren egituran osagai muntadunak sumatzen ditu, zein testuingurutan, zein berbaren ondoan agertzen diren, dokumentu berean zenbat aldiz errepikatzen diren. Azterketa denbora errealean eginda, softwareak hitzen esanahia ez ezik, korpuseko testuinguruak lagun, esangura guztietatik dena delako esaldirako egokiena aukeratzeko moduan izango da, egitura gramatikal, morfologiko, sintaktiko eta semantikoak antzeko dokumentuetakoetara ekarririk.

Horrelako teknika batek, hasi bidez, itzultzeko oinarri moduan erabilitako testu garrantzizkoetarako hiperestekak ere txerta lekizkioke testu itzuliari. Baita jatorrizkoa gainditu ere gramatika zuzentasunaren aldetik ere. Estatistika aldetik, estilo joera nagusien arabera jokatuko du dena delako teknologiak, baina beti ere aldakor, moldakor. Hiztun edo idazle komunitateak aginduko du, ekoizle ere direlako. Teknologiaren oinarrian, azken ikerketen arabera, giza oroimenaren finkatze eta bilatze mekanismoen gaineko ikerketak, adibidez, Douglas Fields doktorearenak. Zertan dautza? Itxuraz, Interneteko bilatzaileen antzera, crawler deritzen programen antzeko batzuek informazioa erraz berreskuratzeko moduan antolatzen eta indexatzen dute gure burmuinetan.

Datuak NIST (National Institute of Standards and Technology) Estatu Batuetako Gobernuaren erakundearen bermea dute, berriki Google bilaketa konpainia unibertsitate eta bestelako informatika produktuen enpresen aurretik jarri baitu.

Hari horretatik tiraka, jakina, erraz pentsa dezakegu itzulpengintzak, lanbide moduan, iraultza ezin neurtzekoz baten aurrean dela. Horrelako software baten ondorioak testu literarioagoetaraino ere ailegatu litezkeelako. Buru apurrari eragiten jarraituz gero, beste ondorio bat argi samar aurkeztuko zaigu begi aurrean: itzulpen ingurumen birtual bat, non makinek elkarren testuak etengabe itzultzen dituzten gizakiak ia ahaztuta edo alde batera utzita. Gizakia testu sortzailea baino ez da izango, itxuraz, horrelako teknologia bat erredakzio laguntzazko programetara ere helduko delako noiz edo noiz. Eta gero…

Abantailak eta mehatxuak, zertan esanik ez. Itzultzaileak, bide horretatik abiatuta, zuzentzaile edo erredaktore bihurtuko dira ia ezinbestean, edo literaturaren barano joriko biztanle bilakatuko.

Hori dena ahotsa ezagutzeko teknologiari lotuta, zer-nolako aukera interpretazioari ere bultzada ikaragarria emateko! Azken buruan, xedea pertsonen arteko ulermena da. Laguntzaile zibernetikoa interpretazio kabinan laguntzaile… Azaletik muineraino joanda, pentsatzekoa da horrelako teknologia motek lanbidea ederto batean astinduko dutela. Seguru asko hizkuntz handien kaltean eta, oraingoz, txikien mesede, korpus handi, digitalizatu eta eskuragarririk ezean, gaitzago izango baitute, zertan esan ez dago, halako teknologiak aplikatzea, nahiz eta, betiko legez, salbamena bera ere itzulpen teknologien aldetik etor dakiekeen, mundua nork bere hizkuntzara errazto ekarri ez ezik, beren unibertsoa galaxian aditzera emateko moduan egongo ere direlako.

Lanbidea azpikoz gora jartze balizko horrek, zertan ukatu ez, oraingo profesionalak kolokan jarri ez ezik, Unibertsitatean itzultzaile eta interprete izateko prestatzen ari diren gazteon ibilbidea eta curriculuma bera birbideratuko du. Inoiz baino beharrezkoago izango da humanista teknologi aditua jomuga izatea ikasketa plan berrietan. Informazioaren eta komunikazioaren mundua gero eta hipertestuago delako, testu bat ere ez dagoelako isolaturik, loturarik gabe, itxura batean hala eman dezakeen arren. Itzultzaileen elkarte profesionalek aitzindari izan behar dute gaurko eta biharko itzultzaileak teknologia berrien txalupara erakartzen, inor ito ez dadin. Baina, fandango horren buelta ere etorriko da, jakina, Interneteko hainbat aukerarekin legez, gobernu batzuek debekatzera edo kontrolatzera ere jo dezakete, argitasunaren beldurrez.