«Manual de documentación para la traducción literaria»

2006 Otsaila 14
«Manual de documentación para la traducción literaria»

Lanbide bakoitzak bere tresnak behar ditu eta nola garai bateko errementariek ingudea eta mailua behar zituzten lana eraz egiteko, hala itzultzaile literarioek ere dokumentazioa dute zalantzak argitzeko tresnarik eraginkorrena, musak agertzen ez direlako luzetsi baino lehen.

Hain zuzen ere, Gonzalo Garcia eta Garcia Yebra irakasleek 1999an Instrumentos documentales y terminológicos del traductor literario delako mintegian aurkeztu ziren lanak bildu eta literatura-itzultzaileek izan ditzaketen dokumentazio hutsuneei edo erreferentzia gabeziei aurre egiteko paperean eta bereziki sarean aurki daitezkeen dokumentazio-iturrien gidaliburu baliagarria bezain baliotsua apailatu du

Egile guztiak bat datoz esatean itzultzaile literarioen informazio-beharrak hiru esparru nagusi hauetara bil daitezkeela:

  1. Egileari buruzko datuak: biografia, ibilbide literarioa, egilearen garaiko gertaerak, gatazkak, pertsonaiak…
  2. Obrari buruzko datuak: argitalpenak, itzulpenak, kritikak...
  3. Hizkuntzarekin eta testuaren estiloarekin loturiko argibideak: baliabide estilistikoak, hizkuntza-aldaerak, erregistroa...

Esparru horietako bakoitzean itzultzaileak izan ditzakeen hutsuneak betetzeko, hainbat web orrialde aipatzen dira liburuan zehar. Hortaz, egokia begitandu zait horietako batzuk hautatu eta zuei jakinaraztea:

Egileari buruzko argibideak

  • Wikipedia. Biografiez gain hainbat lotura interesgarri dakartza.
  • El poder de la palabra. Webgune honetan 2589 literatura-pasarte aurki daitezke, denak gaztelaniaz; 1715 idazleren biografiak. Gainera, arteari, musikari, arkitekturari eta zinemari eskainitako atalak ere baditu.
  • Encyclopaedia Britannica. Orotariko informazioa aurkitzeko ez ezik idazleen biografiak kontsultatzeko ere egokia eta baliotsua, eduki batzuetara sartu ahal izateko ordaindu behar bada ere.

Obrari buruzko argibideak

  • Index Translationum. 1979tik aurrera egindako idazle klasiko nahiz garaikideen lanen itzulpen guztiak biltzen ditu. Oso lotura baliagarriak eskaintzen ditu.
  • Perseus. Greziako eta Erromako klasikoen ingelesezko itzulpenak. 400 testu baino gehiago eta obrak aztertzeko erreferentzia-lan ugari. Halaber, Shakespeareren obra guztiak eta haiei buruzko lan filologiko eta lexikografikoak, hiztegiak eta glosarioak barne.

Hizkuntzari eta estiloari buruzko argibideak

  • www.literaryhistory.com. Literatura ingelesari buruzko orrialdea, biografiez gain idazleei buruzko lan kritikoak eta ikerlanak biltzen dituena.
  • www.virtualsalt.com. Web orrialde oso interesgarria ingelesez, lotura asko dituena. Aipagarrienak: literatura-terminoei eta figura erretorikoei buruzko glosarioak, adibidez hornituak (denak ingelesez).

Azkenik, literatura-testuak bilatu nahi dituenarentzat:

  • Gutenberg. 17.000 liburu sarean kontsultatzeko prest.
  • Bibliomania. 2000 testu, baita gidaliburuak, kritikak eta abar.


GONZALO GARCÍA, C. eta GARCÍA YEBRA V. (arg.) (2005): Manual de documentación para la traducción literaria. Madril, Arco/Libros SL