Patxi Altuna, in memoriam
Patxi Altuna jesuita, irakasle handi eta euskaltzain osoa zendu zen urtarrilaren 20an. EIZIEk ohorezko itzultzaile izendatu zuen 2002an, eta Itzulpen Antologia III liburukian argitara eman hark itzulitako Periklesen hitzaldia. Patxi Altunak euskaratutako beste lan batzuen artean, Loiolako San Ignazioren gogojardunak argitaratu zuten Klasikoak bildumaren barruan, 2004an.
Patxi Altuna Bengoetxea Azpeitian jaio zen 1927ko irailaren 8an. Hamabi urte zituela Xabierrera (Nafarroa) joan zen batxiler ikasketak egitera. 1945ean, Loiolako jesuitetan sartu zen, nobiziatua egiteko. 1950etik 1953ra bitartean Filosofia ikasi zuen Oñan (Burgos), eta lizentziatu ostean, Salamancako Unibertsitatean sartu zen, Ikasketa Klasikoak egiteko: 1957an lizentzia lortu zuen eta 1958an doktorego tesia amaitu. Donostiako Hizkuntza Eskola sortzekotan zebiltzala, Euskal Hizkuntzako ikasketak antolatzeko eskatu zioten. Handik urte batzuetara, 1976tik aurrera, Euskal Filologiako irakasle izan zen Deustuko Unibertsitatean, Donostiako zein Bilboko campusetan.
Filologo eta euskaltzain
Gutxik bezala ezagutzen zituen euskal autore klasikoak eta haien lanen hainbat edizio kritiko apailatu zituen: Bernart Etxepare, Joannes Etxeberri, Joan Tartas, Allande Oiehnart, Agustin Kardaberaz Hizkuntzalaritzan, Koldo Mitxelenarekin eskuz esku aritu zen euskara batuaren alde eta, batik bat, bultzada handia eman zion aditzari. 1965ean, euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1980an, euskaltzain oso. Euskaltzaindian ere lan handia egin zuen, gramatikaren arloan batez ere: Gramatika batzordeburu izan zen urte askoan. Hala, EGLU edo Euskal Gramatika. Lehen Urratsak proiektuan parte hartu zuen. Baina gramatika batzordeko burua izateaz gain, beste ardura batzuk ere izan zituen Euskaltzaindian Iker sailburua eta Argitalpen batzordekide izan zen. 2001ean lanetik erretiratu zenetik, Loiolako Artxibo Historikoaren arduradun izan da.
Patxi Altunari buruz gehiago jakin nahi izanez gero:
Azpeitiko Uztarria elkarteak irakasle jesuitari buruz argitaratu zuen liburua (Patxi Altuna. Nolanahi ere, maisu)
Azpeitiko Euskara Patronatuak argitaratzen duen albistegian
Andres Urrutia euskaltzainburuaren artikulua
Patxi Goenagaren artikulua
Euskaltzaindiko Gramatika batzordearen 25 urteurrenenari buruzkoak