Senez aldizkariaren 28. zenbakia kalean
Kalean da gure Senez aldizkariaren 28. zenbakia . Ohi bezala, eduki trinkoz beterik datorkigu 2005eko alea.
Literatur itzulpenaren atalean, Bertolt Brecht handiaren Keuner Jaunaren kondairetatik 2004an aurkitu berriko sei ale berezi eta itzuli dizkigu Joxerra Garziak.
Fernando Reyk, Antonio Tabucchiren Sostiene Pereira liburuaren itzulpena egiterakoan, aurkitu dituen lagun faltsuez artikulu mamitsua idatzi du.
Euskal itzulpengintzaren historia elikatzera datozen hiru artikulu ditugu jarraian:
- Bego Montoriok galegotik itzuli izan dituen obren ibilbidearen berri eman digu, Vigon (Galiza) 2005eko otsailean egindako mintzaldiaren bidez.
- Ibon Uribarrik Schiller-en euskarazko bertsioak aztertu ditu, artikulu zorrotz bezain xehean.
- Josu Barambonesek ikus-entzunezkoetan euskal itzulpengintzak egin duen bidea azaldu du, ongi dokumentatutako artikuluan.
Itzulpengintzaren bi alderdi korapilatsu datoz segidako artikulu banatan:
- Bego Montoriok gutxitan ikertu izan den itzulpen alderdi bat dakarkigu, komikien itzulpena.
- Alfontso Mujikak terminologia zientifiko-teknikoaren begiratutik ikuskatu du Hiztegi Batua.
Zenbaki honen muinetako bat ortotipografiari eskaini diogu. Joxe Ramon Zubimendik 2004ko argitaratutako Ortotipografia liburutxoaren inguruan «adituen batzorde» bat elkartu genuen mahaiaren inguruan, itzultzaile-zuzentzaileontzat lan horretan direnak zertan izan daitezkeen erabilgarri eztabaidatzera. Adituen artean sortutako elkarrizketaren emaitza da artikulua.
Aldizkariaren azken orriak, ohi dugunez, itzultzaile baten solasaldiak bete ditu: Javi Cillerorekin urrunetik urrunera Carlos Cid Abasolok egindako berriketaldiak.
On dagizuela!