XIX. JOKIN ZAITEGI SARIKETA

2005 Azaroa 10
XIX. JOKIN  ZAITEGI  SARIKETA

Literaturako Nobel Saria euskaratzeko beka 2005 Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Jokin Zaitegi Sariaren deia egin dute, aurten Literaturako Nobel Saria irabazi duen Harold Pinter antzerkigile ingelesaren obra euskaratzeko.

Arrasateko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, XIX. Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, Literaturako Nobel saridun baten lana itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera:

1. 2005ean Suediako Akademiak Harold Pinter idazle britainiarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Pinterrek idatzitako zenbait antzerki-lan itzularaztea da.

2. Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, The Lover (lagina) antzezlanaren lehenengo orrialdeak euskaratu beharko ditu, eta egindako lan horrexen hiru kopia bidali AED elkartearen egoitzara (Pablo Uranga 4 behea, 20500 Arrasate), 2005eko abenduaren 31 baino lehen; ez da itzultzailearen izenik agerian jarriko, baina bai goiburu bat; itzultzailearen datuak eta telefonoa gutunazal itxi baten barruan adieraziko dira, eta sobre horren azalean goiburu bera errepikatu.

3. Lehen orrialde horiei dagokien jatorrizko testua antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku hauek eskatu ahala –telefonoz, idatziz nahiz e-mailez–. Internet bidez ere lortu ahal izango da testua, ondoko helbide honetan:

www.elkarlanean.com/jokinzaitegi

4. Oskar Aranak, Aizpea Goenagak eta Xabier Payák osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2006ko urtarrilaren amaiera baino lehen. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko dute. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.

5. Irabazleak 3.000 euroko saria eskuratuko du antzerki-lanen bilduma osorik itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2006ko irailaren 1ean entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

6. Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du Harold Pinterren antzerki-lanen bilduma euskaraz, eta 2006ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaile, laguntzaile eta babesleek ere dagokien tokia izango dute edizioan.

7. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.