«Transcript» aldizkaria, euskal literaturari buruz

2005 Azaroa 8
«Transcript» aldizkaria, euskal literaturari buruz

EIZIEk eta Euskal Editoreen Elkarteak Transcript aldizkari elektronikoaren azken alea –oso-osorik euskal narratibari buruz diharduena– aurkeztu zuten Frankfurteko liburu azokan . Aldizkari ospetsu hori alemanez, frantsesez eta ingelesez argitaratzen da, eta itzal handia du literaturaren nazioarteko esparruetan. Ale horren prestatzaile, Euskal Herriko Unibertsitateko Literatura irakasle Mari Jose Olaziregi EIZIEko kidea izan da.

Frankfurteko liburu azokan

Frankfurteko liburu azokan

Frankfurteko liburu azokan aukeratu zuten egileek hain zuzen ere, Transcript on-line literatura aldizkariak euskal literaturari eskaini dion alea aurkezteko. Aurkezpena Goethe Unibertsitatean egin zuten Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari Jorge Gimenez Bechek, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkaratek eta Transcript argitaratzen duen Literature Across Frontiers programaren presidente Alexandra Büchlerrek.

«Aspaldikoa baina gaztea», horrelaxe definitu dute euskal literatura Transcript aldizkariko arduradunek. Mari Jose Olaziregi EIZIEkidea (filologoa, literaturako kritikaria eta Euskal Literatura hedatzeko sortutako Batzordeko kidea) guest editor edo argitaratzaile gonbidatua denez, monografikoa osatu duten artikuluak eta testuak berak aukeratu ditu. Horrez gain, artikulu eta testu horien ingeleseko, alemaneko eta frantseseko itzulpenak koordinatu ditu.

Itzultzaile talde handi baten laguntza

«Lan hori bi hilabetean gauzatu dugu, 2005eko uztailean eta abuztuan. Hori ezinezkoa izango zen EIZIEren eta izan dugun itzultzaile talde bikainaren laguntzarik gabe: ingeleseko itzulpenerako Amaia Gabantxo eta Kristin Addis, frantseserako Edurne Alegria eta Fermin Arkotxa, eta alemanerako Jurgen Wolff, Petra Elser, Christiane Bendel eta Ralf Streck izan ditugu laguntzaile», adierazi du Olaziregik.

Euskal literaturari buruzko Transcript ale monografikoaren edukia hauxe da:

  • euskal narratibari buruzko hiru artikulu orokor: egungo euskal prosaren egoera, euskal literatura eta itzulpengintza, eta euskal edizioaren egoera;
  • hautatutako narratzaileen obren zatiak.

Euskal Herritik mundura

Olaziregik idatzitako lehenengo artikuluan, azken 30 urte hauetako euskal literaturaren ibilbidea jorratu du. Bigarren artikuluan, Birmingham-eko Unibertsitateko irakasle Aiora Jaka Irizarrek euskal literaturaren itzulpengintzaz eta euskal literaturaren nazioarteko presentziaz dihardu. Hirugarren artikuluan, berriz, Jorge Gimenez Bechek euskarazko edizioaren industria du mintzagai.

Antologia osatzeko idazle hauen lanak izan dira: Aingeru Epaltza, Angel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Mariasun Landa, Joseba Sarrionandia, Iban Zaldua, Lourdes Oñederra, Harkaitz Cano, Pello Lizarralde, Xabier Montoia eta Inazio Mujika Iraola. Ingeleseko, frantseseko eta alemaneko irakurleek idazle horiek ezagutzeko aukera dute, bai eta horien testuak irakurtzeko eta horien liburuen azalak ikusteko ere.

«Mugak gainditzea»

«Ale hori argitaratzeak euskal literatura ezagutzera emateko aukera handia dakar, beste herrialde batzuetako literatura ezagutzeko interesa duten eta hedadura handiko hiru hizkuntzetako internautengana iritsiko baita. Horrek interesa pizten lagunduko digu, bai eta, beharbada, nazioarteko kontaktu- eta laguntza-sare bat zabaltzen ere» adierazi du Olaziregik. «Internet sustapenerako oso bitarteko eraginkorra da, eta pertsona askorengana oso azkar iristen laguntzen digu».

Euskal literaturaren egoerari eta beste herrialdeetan hedatzeari buruz, Olaziregiren iritziz «oso garai egokia da, kalitate handiko lanak ditugu eta lan horiek gero eta gehiago lortzen dute mugak gainditzea, bai eta irakurle gehiagoren eta beste kultura eta herrialde batzuen interesekoak izatea ere».


Non zer:
- Transcript aldizkari elektronikoa
- Literature Across Frontiers programa



Artikulu hau jatorriz www.euskalkultura.com webgunean argitaratu zen