Joseba Erkizia, HABEren zuzendari berria

Joseba Erkizia EIZIEko kidea eta 1996-1998 bitartean elkarteak izan zuen lehendakaria HABE erakundearen zuzendari izendatu du Eusko Jaurlaritzak .
Andoainen (Gipuzkoa) jaioa 1958an, Euskal Filologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta bere ibilbide profesional osoa itzulpengintzaren alorrean egin duela esan daiteke.
Itzulpen Ataleko ardura izan du Joseba Erkiziak Gipuzkoako Foru Aldundian, 1983az geroztik. Urte luzetan, gogotik saiatu da administrazio esparruko itzulpengintza eta itzultzaileen lana duintasunez eta bitarteko egokiz hornitzen, baita lan talde ongi prestatu eta zaildua antolatzen ere.
Administrazio eta lege esparruko terminologiaren alorrean lan ugari egina da biltzar, mintegi eta abarretan, baita artikulu ugari argitaratua ere. Horrez gain, Euskararen Aholku Batzordearen lanetan partaide izan da, Terminologia Batzordean hain zuzen ere.