XUXEN berritzen: Mac OSXrako bertsioa eta datu linguistiko berriak

2005 Uztaila 14
XUXEN berritzen: Mac OSXrako bertsioa eta datu linguistiko berriak

XUXEN euskarazko zuzentzaile ortografikoaren MAC OSXrako bertsioa garatu du Elekak; finantzatu, berriz, Eusko Jaurlaritzak. Gainerako bertsioetako datu linguistikoak eguneratu egin dira.

Eleka Ingeniaritza Linguistikoak XUXEN euskarazko zuzentzaile ortografikoaren bertsio berri bat garatu du, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu. Macintosh sistemaren azken bertsiorako (X bertsioa) eta Microsoft Word X-rako egokitu da XUXEN. Gainerako bertsio guztiak bezala, hau ere Eusko Jaurlaritzaren web gunetik jaits daiteke, guztiz doan. Sartu web gune honetara eta egin klik “Softwarea deskargatzea” aukeran.

Datu linguistikoen eguneratze- eta egokitze-lanak egiteko, iturri hauek erabili dira:

  • Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko zerrenda guztiak (egiaztatu eta 2004ko abendura bitartean onartutako arau guztiak hartu dira);
  • EAEko erroldako izen-abizen erabilienak (abizenak, 500 baino maiztasun handiagokoak; izenak, 100 baino maiztasun handiagokoak);
  • Egunkariako corpuseko leku- eta erakunde-izenak;
  • Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariko corpusa;
  • Erabiltzaileek eta Elhuyar Fundazioak bidalitako zuzenketak.