Juan San Martin zendu da

2005 Maiatza 30
Juan San Martin zendu da

Gaur, 2005eko maiatzak 30 dituela, Juan San Martin zendu da. Idazle eta artikulugile, hainbat aldizkaritan kolaboratu zuen: Euzko Gogoa , Yakin, Zeruko Argia, Karmel, Euskera, Munibe, Pyrenaica eta beste.

Lehenagoko belaunaldietako idazle-itzultzaileek eginiko lana eskertzeko, beste zortzi itzultzailerekin batera, EIZIEk 1996an ohorezko bazkide izendatu zuen.

Izendapenarekin batera, EIZIEk itzultzaile horien lan batzuk jasotzen dituen Itzulpen Antologia II izeneko liburua argitaratu zuen 1998an. Bertan, Michel de Ghelderode idazlearen «Zaldun bitxia» izeneko itzulpena argitaratu zen.

Juan San Martin Eibarren jaio zen, 1922ko ekainaren 23an.

Euskaltzaindiko urgazle izendatu zuten 1957an, eta 1964an, berriz, euskaltzain oso; 1967tik 1978ra bitartean, Akademiako idazkari izan zen.

Euskaltzainburuorde hautatu zuten 1988. urtean, baina kargua hurrengo urtean utzi zuen, Euskal Autonomi Erkidegoko Ararteko izendatu zutenean. Egan aldizkariko zuzendaria izan zen 1983tik 1989ra.

Bere itzulpen lanetatik aipatzekoak dira, besteak beste, Bertold Brecht-en Kantak eta poemak (1966), Salvador Espriuren Sinerako liburua (Llibre de Sinera) (1996) eta Zezen larrua (La pell de brau).

Euskal itzulpenaren munduak, gainera, zor handia dauka Juan San Martin jaunarekin, bera izan baitzen Euskaltzaindiaren ekimenez 1980ko hamarkadan Euskal Herrian sortu zen lehen itzultzaile eskolaren, hots, Martuteneko eskolaren bultzatzaile nagusia.

Informazio gehiago Juan San Martinen bizitzaz eta lanaz:
Koldo Mitxelena Kulturunea