Pirinioak-Pirineus, alde batetik bestera

2005 Urtarrila 27
Pirinioak-Pirineus, alde batetik bestera

«Geografian adituek diotenez, Pirinioek Espainia eta Frantzia banatzen dituzte. Baina benetan alderantziz da, Espainiak eta Frantziak banatzen dituzte Pirinioak (...). Norbaitek esango du hau politika dela eta ez poesia. Dena dela, zorionez edo zoritxarrez, bai olerkari euskaldunok bai eta katalanok ere, badakigu oraindik ere, eta beharbada inoiz baino gehiago, hizkuntza hautua ekintza politikoa dela».

Hitz horiek ageri dira Pirinioak-Pirineus, alde batetik poesia jardunaldien aurkezpenean. Bartzelonako Espai Escènic Joan Brossa aretoan 2004ko maiatzaren 23tik 25era egindakoen jarraipen gisa, lau poeta euskaldun (Arantxa Urretabizkaia, Felipe Juaristi, Jean-Louis Davant, Tere Irastortza) eta lau poeta katalan (Albert Mestres, Gemma Gorga, Marta Pessarrodona, Marc Granell) elkartuko dira oraingoan Euskal Herrian.

Jardunaldiak leku-egun hauetan izango dira:

  • urtarrilaren 27an, 19:00, Andoaingo Bastero Kultur Etxea
  • urtarrilaren 28an, 19:00, Altsasuko Kultur Etxean
  • urtarrilaren 29an, 19:00, Bilboko Kalderapeko
  • urtarrilaren 30ean, 19:00, Andoaingo Bastero Kultur Etxea

Zuzendaritza: Albert Mestres eta Eulàlia Rubió i Galofré. Koordinazioa: Jon Arano. Antzezlea: Olatz Beobide

Antolatzaile dira Gipuzkoako Foru Aldundia, Institució de les Lletres Catalanes, Euskal Idazleen Elkartea eta Eusko Jaurlaritza.