Coetzee-ren «Disgrace» euskaraz

2004 Azaroa 23
Coetzee-ren «Disgrace» euskaraz

Jokin Zaitegi sariketa iaz irabazi zuen Oskar Aranak itzulita, kalera iritsi da, Elkar argitaletxearen eskutik, John Maxwell Coetzee hegoafrikar idazlearen Disgrace eleberriaren euskarazko itzulpena: Lotsaizuna. Itzultzailearen iritziz, «Istorio gogorra, gordina eta indartsua da. Mila gai ukitzen ditu oso hitz gutxitan. Trinkoa, bizia eta hunkigarria da; jendea hunkitzeko gaitasuna dauka».

Oskar Arana (Aramaio, 1969) itzultzaileak aitortu du Lotsaizuna hitza nahitara aukeratu zuela liburuaren izenburutzat. Gazteleraz, Desgracia dauka izenburua, hain zuzen ere ingelesezko «disgrace» hitzaren kide faltsua. Euskarazkoa egokiago da, zalantzarik gabe.


Itzulpena egilearen ahotan

Azaroaren 22ko Goienkaria aldizkariari emandako elkarrizketa batean, Aranak aitortu du bere itzulpena erraz irakurtzen ahalko dela, «hiztegia zehatza eta laburra delako, eta prosa, dotorea. Euskaraz irakurtzen ohituta dagoenak erraz irakurriko du, eta ohituta ez dagoenak ere, istorioaren indarraz kutsatuta, erraz irakurriko du» Izan ere, haren aburuz «hizkuntzaren zailtasunaren arazoa gainditu egiten da baldin eta kontatzen dena erakargarria bada, eta liburu honetan kontatzen dena oso interesgarria da».

Administrazioan ari da lanean Oskar Arana, beraz tentu handiz sartu da literatura itzulpengintzaren esparrura: «itzultzen dudan lehenengo literatura lana da eta oso gertuko sentitu dut; uste dut horrek lagundu egin didala. Akaso, erritmoa lortzea izan da gehien kostatu zaidana; izan ere, bertuterik handiena erritmoa, doinuan, ironian eta zehaztasun horretan egoten da, eta autoreak hiruzpalau hitzetan gauza oso zail eta sakonak adierazteko erraztasuna dauka».

Politikoki ez-zuzentzat har daitekeen obran, «istorio gogorra, gordina eta indartsua» aurkitu du Aranak. Eleberriak «Hego Afrikan gainbeheran amiltzen den unibertsitateko irakasle andrezale baten istorioa kontatzen du. Ikasle batekin afera bat izan ondoren, unibertsitatetik botako dute, eta hortik aurrera hasiko da bere gainbehera pertsonala eta familiarra».

Urtero, Nobel saridunaren lan bat

Arrasate Euskaldun Dezagun Elkarteak (AED) eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Jokin Zaitegi itzulpen sariketaren bitartez euskaratu eta argitaratua izan da Coetzeeren eleberria.

Disgrace nobela baino lehenago, Patri Apalategik Coetzeeren Life and Times of Michael K eleberriaren pasarte bat itzulia eta argitaratua zuen 1985eko urriko Literatur Gazeta aldizkarian.

Jokin Zaitegi itzulpen sariketaren aurreko edizioan, 2002an, Imre Kertesz Nobel saridunaren Sorstalanság eleberria euskaratu zuen Urtzi Urrutikoetxeak, Zoririk ez izenburuaz.Bide beretik, aurtengo Nobel saridun Elfride Jelinek austriar idazlearen Die Liebhaberinnen euskaratze lana egingo da sariaren bitartez, eta obra Elkar argitaletxeak plazaratuko du 2005ean.