SENEZ itzulpen-aldizkariak 20 urte bete ditu

2004 Urria 21
SENEZ itzulpen-aldizkariak 20 urte bete ditu

Hogei urte luze pasatu dira SENEZ aldizkariaren lehenengo zenbakia argitaratu zenetik, eta hori ospatzeko, bi argitalpen ateratzea erabaki zuen EIZIE elkarteak: batetik urteroko alea (besteak beste, Zuzenketaren gaineko jardunaldietako mintzaldiak biltzen ditu 27. zenbakiak), eta bestetik "Senez Grafikoa" liburua, guztiz berezia. Horien aurkezpena egingo du elkarteak urriaren 26an.

SENEZ (27. zenb.)

Ohiko atalez gain, SENEZ-en 27. zenbakian aldizkariaren oroimena berreskuratu nahi izan dugu elkarrizketaren atalean, orain arteko 20 urteren ibilbidean SENEZek izan dituen zuzendariak solasera elkarretaraturik. Bestalde, zenbakiari muin berezia ematen dion atalean biltzen dira Zuzenketaren gaineko jardunaldietan entzun ziren mintzaldiak, jardunaldietan izandakoentzat oroigarri, eta beste guztiontzat jakingarri.

SENEZ grafikoa

Juan Azpeitiaren lanari esker aldizkariak azken aleetan izan dituen azalak eta irudiak bildu ditugu ale guztiz berezi batean, eta, horiekin batera, Berbelitz itzultzailearen gorabeherak irakurtzen ahalko ditugu Anjel Lertxundik idatzitako kontakizunean (baita gaztelaniaz ere, Jorge Gimenezek egindako itzulpenean).

Bi argitalpenok CEDRO erakundearen laguntzaz argitaratu dira.

Argitalpen horien aurkezpena:

NOIZ: 2004ko urriaren 26an, iluntzeko 19:30etan.
NON: Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean.