Helen Lane, in memoriam

2004 Iraila 7
Helen Lane, in memoriam

Helen Lane, Hego Ameriketako idazle handi askoren lanak ingelesez eman zituen itzultzailea hil zen joan den abuztuaren 29an Albuquerquen, 83 urte zituela. Zazpi hizkuntzatan ongi moldatzen zen arren, batez ere frantsesetik, italieratik, portugesetik eta gazteleratik egin zituen itzulpenak. Azken boladan, Ronald Christ adiskide eta lankidearekin batera, Victoria Ocampo (1890-1979) argentinar idazlearen biografia bat ari zen prestatzen.

Nélida Piñon-en":http://www.academia.org.br/cads/30/nelida.htm (1992) Caetana's Sweet Song.

Eleberriez gain, kutsu politikoko lanak ere itzuli zituen, guztien artean aipagarriena Elena Poniatowska frantses-mexikar kazetariak idatzitako Massacre in Mexico (1975); liburuak 1968ko urriaren 2ko gertakariak azaltzen ditu, Mexikoko armadak ikasleen bilkura baten aurka jo zuenean. Gazteleraz argitaratua zen lehenago, La noche de Tlatelolco izenburuaz.

Helen Lane-ren itzulpen onenen artean dago, Maria Isabel Barreno, Maria Teresa Horta eta Maria Velho da Costa emakume portugaldar idazleen The Three Marias: New Portuguese Letters (1975) liburuaren ingelesezko bertsioa.

Bere azken lanen artean dago Juan Goytisolo-ren State of Siege (2002), Sarajevo-ko setioari buruzko 1995ean gazteleraz argitaratutako eleberri labirintikoa.

Tomás Eloy Martínez-en hiru eleberri itzuli zituen: The Perón Novel (1999), Santa Evita (1996) eta The Memoirs of Fray Servando Teresa de Mier (1998), espainiarrek Mexiko konkistatu zuteneko garaiaren inguruan frantziskotar batek egindako kontakizuna.

Filmen azpitituluak ere landu zituen, besteak beste: Jean-Luc Godard-en Weekend (1967), eta Haskell Wexler-ek eta Saul Landau-k egindako Brazil: A Report on Torture (1971).

Bere ezkonaurreko benetako izena Helen Ruth Overholt zuen, eta Minneapolis-en jaioa zen. Kaliforniako Unibertsitatean lizentzia lortu zuen 1943an summa cum laude kalifikazioaz, eta bertan egin zuen masterra 1953an. Graduatuondoko ikasketak egin zituen, geroago, UCLAn eta Sorbonne-n.

Itzultzaile lanaz gain, hizkuntza irakaslea ere izan zen 1950eko urteetan, UCLAn, Maryland-eko Goucher College-n New York-eko Unibertsitatean.

Editore lanetan aritu zen 1960tik 1970 bitartean New York-eko Grove Press etxean, eta zenbait idazleren lanak itzuli zituen bertan argitaratzeko, besteak beste, Juan Bosch, Marguerite Duras, Eugene Ionesco, eta Jean-François Revel. Beste argitaratzaileentzat ere lan egin zuen, Maria Montessori-ren eta Curzio Malaparte-ren testuekin.