Itzultzaileak eta idazleak aurrez aurre

2004 Uztaila 22
Itzultzaileak eta idazleak aurrez aurre

Uztailaren 4tik 10a bitartean, East Angliako Unibertsitateak (Norwich, Ingalaterra) Itzulpengintzako Nazioarteko Udako Eskola jaso zuen. Esperientzia arras aberasgarri horretan hainbat herrialde eta hizkuntzetako idazle zein itzultzaileek parte hartu zuten, Euskal Herrikoak barne.

Pauen 1564an antolatu zuten Kontzilio kalbindarrean, Nafarroako erregina Joana III.a Albretekoak Itun Berria euskarara itzultzeko eskatu zion Joanes Leizarragari protestantismoaren dotrina herrian zabaldu ahal izateko. Lana behar bezala bete zezan, Biarnoko sinodoak lau laguntzaile jarri zizkion Leizarragari. Itzulpenari ekin eta berehala ohartu ziren bost gizonak egiteko hark hamaika buruhauste eragingo zizkiela: lehen egunean bertan agertu ziren estreinako eztabaidak, eta halaxe igaro zituzten hurrengo urteak, tirabiren eta gogoetan artean, 1571n argitaratu zuten Jesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria jatorrizko testua leial errespetatzen zuela ziurtatzearren.

Aipatu pasartea gogora ekarri zuen Aurelia Arkotxak duela aste bete, East Angliako Unibertsitateak (Norwich, Ingalaterra) jaso zituen itzulpengintzari buruzko udako ikastaroen harira. Iparraldeko idazlea hantxe izan zen, workshop edo lantegietako gonbidatu gisa, beste hainbat idazle eta itzultzailerekin batera. Jardunaldien helburua zera zen: sei egunez munduko hainbat txokotatik etorritako idazle eta itzultzaileak aurrez aurre jartzea, bigarrenek lehenengoen testuak euskaratik, gaztelaniatik, alemaneratik, italieratik, frantsesetik zein arabieratik ingelesera eta alderantziz itzul zitzaten. Ildo horretan, Arkotxaren Septentrio nobela poetikotik harturiko pasarteak zein idatzizko prentsan kaleraturiko artikuluak euskaratik ingelesera egokitzen aritu ziren hiru itzultzaile: Amaia Gabantxo (besteak beste, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi zein Lourdes Oñederraren lanak ingelesera itzuli ditu; gaur egun literatura irakasten du East Angliako unibertsitatean), Kristin Addis eta Madalen Saizarbitoria.

Bien bitartean, Josu Barambonesek, Arantzazu Royok, Nagore Tolosak eta Ainhoa Aranburuk osaturiko taldeak kontrako norabidea hartu zuen. Zeregin horretan, Moris Fahri (Turkia, 1935) idazlearen konpainiarekin kontatu zuten. Bigarren talde horrek Turkiakoak iragan otsailean Saqi Books argitaletxearekin kaleratu zuen Young turk nobela zatiak ingelesetik euskarara eraman zituen. Fahri Nazioarteko PEN Klubeko lehendakari ordea da, eta aipatu nobelaz gain, besteak beste, ijitoek ekialdeko Europan jasandako jazarpena jasotzen duen Children of the rainbow eta Journey through the wilderness idatzi ditu.

Aldi berean, Luisa Etxenikeren Ejercicios de duelo bilduma ingelesera, alemanerara zein italierara egokitu zuten beste itzultzaile batzuek.

Norwicheko topaketek esanahi berezia zuten Euskal Herritik abiaturiko itzultzaileentzat, hainbat arrazoiengatik gainera: lehen aldia zen euskal itzultzaileek halako topaketetan parte hartzen zutela, eta partaide horien artean EHUko Itzulpengintza eta Interpretazio fakultateko lehen promozioko ikasleak (lizentziatu berriak) zeuden. East Angliako unibertsitateak jaso zuen mahai-inguru batean Mari Jose Olaziregi literatura irakasle eta kritikariak azaldu zuenez, pixkanaka euskal letrak ari dira bidea egiten. Bernardo Atxagak iragarri bezala, trikua ari da iratzartzen.

Bost ehun urteren ostean

Norwichetik igaro ziren idazleak harriturik geratu ziren workshopetarako proposaturiko lan dinamikarekin. Haietako askok harreman arras urruna mantentzen zuten beren obren itzultzaileekin, gutun bidez zein telefonoz esaten baitzioten elkarri testuen inguruan argitu beharreko guztia. Zentzu horretan, pribilegio bat iruditzen zitzaien zenbait egunez hiruzpalau profesionalekin aritu ahal izatea. Eta aberasgarria ere, jakina. Anne McLean itzultzailea (Javier Cercas idazlearen Soldados de Salamina nobelaren ingelesezko itzulpenagatik arlo horretan den saririk ospetsuena, Independent Foreign Fiction Prize delakoa jaso du aurten) partaide zuen lantegia Edgardo Cozarinskyren (Buenos Aires, 1939) La novia de Odessa zein El rufián moldavo liburuetatik harturiko pasarteak ingelesera itzultzen aritu zen.

Taldearekin zer moduz moldatzen zen galdetuta, Argentinako idazleak ezin zuen bere harridura ezkutatu. «Inoiz ez nuen pentsatu berba bakar batez itzultzeak hainbeste buruhauste eragin zitzakeenik», esan zuen. «Pasarte batean lokailu bat erabili dudala eta hortxe aritu dira itzultzaileak eztabaida bizian, ingelesera nola eraman erabaki ezinik. Jatorrizko testuari hainbat buelta eman ostean, lokailuak zentzu handirik ez duela ikusi dute eta koma batekin konpondu dute dena. Pixka bat errudun sentitu naiz, ziur bainago liburua idatzi nuenean arreta handirik ez niola jarri lokailu horri, eta begira zer nolako eztabaida eragin duen!».

Asteak aurrera egin ahala, Cozarinskyk esandakoaren antzeko adierazpenak entzun zitezkeen gainerako egileen ahotik. Linda Leith irlandarra txunditurik zegoen bere lanak hartzen zuen musikalitatearekin katalanera, japonierara zein frantsesera itzultzen zihoazen neurrian. Emmanuel Mosesek (Casablanca, Maroko, 1959), berriz, bestelako ñabardurak aurkitu zizkion frantsesetik ingelesera abiaturiko bere poesiari. Hussain Al-Mozanyrentzat (Amara, Irak, 1954) erronka aparta izan zen bere testuak ama hizkuntza duen arabieratik erabat menperatzen ez duen ingelesera igarotzen ikustea. Bien bitartean, Andrew Cowanek (Corby, Ingalaterra, 1960) oraindik idazten ari den What I know nobelaren konplize bihurtu zuen ingelesetik italierara itzultzeko enkargua zuen taldea.

Ezustekoak ezusteko, ezin esan daiteke Norwichen gertaturikoa zerbait arrotza denik. Hortxe dugu Leizarragaren kasua, Arkotxak gogorarazi bezala, fenomenoa, berez, kontu berria ez den adibide. Agian, bost ehun urteko ibilbidean, ahantzi egin dugu geure arbasoek lorturikoa. Agian, bost ehun urte geroago, abiapuntuan gara berriro. Dena den, itzultzaileak taldean eta idazlearekin zuzenean aritzeak dakartzan abantailez eta onurez jabetzeko aukera eskaini ez ezik, East Angliako unibertsitateko jardunaldiek sarritan oharkabean igarotzen den errealitatea agerian uzteko aukera eman zuten: itzulpenaren beraren balioa.

Itzultzailea kritikari genetiko gisa

Lantegietatik kanpo garatu ziren mahai-inguruetako batean, Clive Scott itzultzaile eta irakasleak ezin hobeto adierazi zuen zein den, edo, behintzat, zein izan beharko lukeen itzulpenaren espiritua. Uste aski zabaldua da itzulpena zerbait automatikoa dela. Zentzu horretan, testu batetik abiatzen da itzultzailea, eta zenbait aldagai aztertu ostean, behin betiko itzulpen edo emaitzara ailegatzen da. Alabaina, ikuspegi horrek ez du kontuan hartzen literatur lanen funtsa, zeren horrelako idatzietan irakurleak ez ditu hitzak bakarrik aurkitzen. Aitzitik, tonuak, testuinguruak, hots, paratestuak ematen die berbei zentzua.

Ildo horretan, «itzulpena testuen transmisioa» izan behar du helburu, eta ez haien preserbazioa. «Horrek adierazten du itzultzaileak etengabeko edizioa egin behar duela. Ez du testutik testurako itzulpena egingo, baizik eta haren sorburura abiatuko da, idazleak egindako bidaiari ekiteko berriro. Beraz, behin itzulpena eginda ez du behin betiko emaitza lortuko, baizik eta dauden aukeretatik bat». Hau da, itzultzaileak kritikari genetikoa izan behar du, eta ez kritikari testuala.

Irakaspen teoriko eta praktikoen artean igaro ziren jardunaldiak, baina, tartean, egon zen lantegietan landurikoa jendaurrean irakurtzeko aukera. Ingelesa, alemanera, euskara, arabiera, frantsesa, gaztelania, japoniera, bengaliera, italiera, katalanera... Itzultzaileen lanari esker, hizkuntza hesi guztiak bertan behera geratu ziren.