Traduttore traditore?

2004 Uztaila 17
Traduttore traditore?

Ptolomeo Philadelphia, Egiptoko erregek, Alexandrian bildu zituen 40.000 liburuetan bazuen bat bereziki preziatzen zuena : Eskritura Sainduen hebreerazkotik eginarazi zuen grekerazko itzulpena. Itzultzaile taldea espresuki xede horren betetzeko hautatua izan zuelarik berak. Alexandriako liburutegiaren zori tragikoa bazterrera utziz momentuz, eta gure herrialde hauetara hurbilduz, oroitzekoa dugu Pierre Haultain La Rochelle-ko inprimatzaile humanistaren atelierretik 1571ean jalgi zen lehen obra nagusia Joana Labriten gomendioz Leizarragak bere itzultzaile ekiparekin itzuli zuen Testament Berria-ren bertsio kalbinista izan zela.

Lan zaila, delikatua, luzea, urteak iraun zituena. Eta zer erranik ez geroztik katoliko debozionezko liburuen inguruetan egin ziren itzulpen lanez. Alegia deus ez, garai batzuetako euskara literarioak horrela dira eraiki. Geroztik, eta partikulazki XX. mendearen azken hogeita hamar urteetarik hona euskal esparruko itzulpenaren alorrean zigante urratsak egiten ari dira. Sail horretan kokatzekoa da uztailaren 4etik 10era Ingalaterran, Norwich-en, gertatua, lehen aldia baitzen euskararen presentzia ikus zitekeela British Centre for Literary Translation Summer School-en, euskaratik ingelesera eta ingelesetik euskararako itzulpengintzetan. Hor duzu esperimentatzen itzultzea ez dela klitxe batek dion bezala «trahitzea» edo saltzea, baizik eta bersortzea, autore baten izpirituaren harrapatzea medium batek egin lezakeen gisan. Itzultzea, prozedura konplexuenetarik baita sortzearen ekintza magikoan eta honen zabaltzean osoki parte hartzen duena.

Aurelia Arkotxa
www.berria.info 2004-07-16


Informazio gehiago ikastaroen atalean.


Argazkia:
Zaldiero idazleekin