Lokalizazioa eta softwarea

2004 Ekaina 10
Lokalizazioa eta softwarea

Enpresa gutxi daude, oso espezializatuak, softwarea itzultzen eta, garrantzitsuagoa dena, software hori erabiltzen den herrialdeetara egokitzen dutenak. Bowne Global multinazionalak, Espainian ere badagoena, ahalbidetzen du Microsoftek , adibidez, hamaika herrialdetan bere softwarearen bertsio berriak aldi berean atera ahal izatea.

Azken urteotan softwarearen inguruko enpresek euren produktuen lokalizazioan (itzulpena + egokitzapena) lortu duten aurrerapen maila handia izan arren, ezin dituzte software librearen adina herrialde eta hizkuntzetan aurkeztu produktu horiek.

The Economist kazetak diosku, adibidez, Windows XP -33 herrialdetan itzuli eta egokitu dena- munduan gehien zabalduta dagoen softwarea dela, programa komertzialen artean. Aldi berean, sistema irekien arloan, Linux (KDE eta Gnome bertsioetan) 42 hizkuntzatan eskura daitekeela dio, eta une honetan beste 46 hizkuntzatara itzultzen ari dira. Mozilla, kode irekia daukan nabigatzailea, hizkuntza ezberdinetako 65 herrialdetan ezarri da eta beste 34 gehiagotan ezartzeko bidean dira.

Lokalizazioaren prozesua konplexua, geldoa eta aspergarria da, eta ez da erraza lehen aipatutakoaren moduko enpresa espezializatuak aurkitzea. The Economist kazetak Hungariako kasu interesgarri bat kontatzen digu. Janos Noll, Software Irekirako Hungariako Fundazioaren sortzailea, ez zegoen oso pozik OpenOffice hungarierara itzultzeko abiadurarekin, eta lankidetzarako web tresna batzuk garatzea erabaki zuen, itzulpen lanak banatzeko; gero, jai bat antolatu zuen Budapesteko Unibertsitate Teknikoko ordenagailu gelan. Dozena bat boluntario baino gehiago beste 100 hungariarrekin zuzenean lanean hasi ziren, itzulpena Interneten bidez eginez. Lanaren zatirik handiena, 21.000 testu itzultzea, hiru egunetan amaitu zen.

Argi dago itzulpena lanaren zati bat baino ez dela. Bestea, askoz landuagoa, esamoldeak (eta batzuetan koloreak ere) tokian tokiko ezaugarrietara egokitzeari lotuta dago, herrialde bakoitzean aldatu egiten baitira horien konnotazioak. Inoiz «ahuntzaren gauerdiko eztula» esaldia ingelesera itzuli behar izan baduzue, ondotxo jakingo duzue zer esan nahi dugun.

www.baquia.com